Politika -

CISen inkesta

PPk % 8,7ko babesa galdu du aurreko bozetatik eta PSOE berdin dago

Bestalde, eta Generalitatearen inkestak esaten duenaren kontra, CiUk ez du gehiengo osoa lortuko Kataluniako hauteskundeetan.

Mariano Rajoy PPko eta Espainiako presidentea. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy PPko eta Espainiako presidentea.
Mariano Rajoy PPko eta Espainiako presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk % 8,7ko babesa galdu du boto-asmoan aurreko hauteskunde-orokorrekin alderatuta; PSOE, berriz, berdin geratu da, Espainiako Ikerketa Soziologikoetarako Institutuak (CIS) egindako inkestaren arabera.

Hori horrela, PPk % 35,9ko babesa jaso du boto-asmoan, uztailean baino zazpi hamarren gutxiago, eta sozialistak hamarren bat besterik ez dira jaitsi hauteskundeetatik, baina % 1,3 uztailetik, eta % 28,6ean geratu da.

Inkestaren arabera, IU geroz eta babes gehiago jasotzen ari da eta % 9,4ko babesa du, hauteskundeetan baino % 2,52 gehiago. UPyDren kasuan ere, hauteskundeetan jasotako babesa baino % 2,79 gehiago izango luke orain, % 7,3 hain zuzen ere.

CiUk, ordea, galdu egingo lituzke botoak, hauteskundetako % 4,17tik % 3,9ra jaitsi baita. Amaiurren aldeko botoa emango luketenak % 1,6 dira egun, eta hauteskundeetan % 1,37 ziren. EAJren kasuan ere igo egingo litzateke boto kopurua, hauteskundeetan % 1,33ko babesa jaso baitzuen, eta egun % 1,4koa lortuko luke.

Rajoyri buruzko iritzia, maila baxuenean

Herritarrek Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari buruzko iritzia ere eman dute inkestan, eta uztailean 3,3ko puntuazioa eman bazioten, oraingoan 2,78koa jaso du, legegintzaldiko okerrena.

Katalunia

Bestalde, CiUri garaipena ematen dio azaroaren 25eko hauteskundeetan, baina Generalitatearen inkestak dioenaren kontra, ez du gehiengo osoa izango eta 63 edo 64 diputatu lortuko ditu. PSCri 19 ematen dizkio inkestak, PPri 16-17, ERCri 17, ICV-EUiAri 11, C's-ri 7 eta SIri bakarra.

Egungo Parlamentuan CiUko 62 diputatu daude, PSCko 28, PPko 18, ICV-EUiAko 10, ERCko 10, SIko 4 eta C's-ko 3.

Kataluniarren % 41, independentziaren alde

Inkestaren arabera, Kataluniako herritarren % 41,4 Estatu independentearen alde dago. % 26,1ek autonomia gehiago eskatzen du erkidegoentzat, eta % 16k egungo egoeran jarraitu nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea