Politika -

Ekitaldiak

Euskal alderdi politikoek bananduta ospatu dute Oroimenaren Eguna

EH Bilduk biktimekin duen 'joko bikotza' salatu du Patxi Lopezek. Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietan minutu bateko isilunea egin dute indarkeriaren eta polizia abusuen biktimen omenez.

Idoia Mendia izan da Arkauteko ekitaldian. EITB.
Maixabel Lasa Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariaren azken ekitaldia izango da.
Hainbat ekitaldiekin ospatu da Euskadin Memoriaren Eguna

03:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez jarduneko lehendakariak EH Bilduren "joko bikoitza" salatu du, "esku batekin biktimak aintzatesten dituelako, eta bestearekin hiltzaileen bizkarra laztantzen duelako".

Memoriaren Eguna ospatzeko Ajuria Enean, Gasteizen, egindako hitzaldian, Patxi Lopezek "hainbeste heriotza eta sufrimendu eragin zuten ideia totalitarioak" salatu ditu.

Jarduneko lehendakariaren iritziz, Memoriaren egunak "etorkizun diferentea" eraikitzeko balio behar du, baina "iraganean egindakoen ardura nork izan zuen ahaztu gabe". Patxi Lopezen hitzetan, "herri honetan, urteetan, izan ziren hilketak eta mehatxuak ez ditugu ahaztuko".

Jaurlaritzako buruak "egia eta memoria" aldarrikatu ditu "gure historia hurbileko garai beltza behar den bezala ixteko".

Patxi Lopezek EH Bilduri erreferentzia egin dio berriro larunbat honetan Baionan presoen eskubideen alde egingo duten manifestazioan izango direla salatzeko, "beste batzuek terrorismoak hildakoak omentzen ditugun bitartean".

Ekitaldia Arkauten

Idoia Mendia jarduneko Justizia eta Herrizaingo sailburua ETAk hildako agenteei egindako omenaldian izan da. Mendiaren hitzetan, terrorismoaren biktimen oroimenak "bake prozesuaren erreferente" izan behar du.

Hori dela eta, Mendiak hildako agenteen izenak irakurri ditu, eta Memoriaren Eguna "euskal herritar guztien ondarea" dela azpimarratu du.

Azkunak biktima guztiak oroitzea eskatu du

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea bakean aurrerapausoak ematearen alde azaldu da baina biktimak ahaztu gabe, "tranparik gabeko historia idazteko". Bilboko Udalak deituriko ekitaldian alderdi politiko guztietako kideak egon dira, baita Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia ere.

Alkateak "biktima guztiak" gogoratu diru, ETArenak, GALekoak, Batallon Vasco Españolenak eta Iñigo Cabacasen gurasoei ere aipamena egin die, izan ere, Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zen.

Lore-eskaintza egin dute Doña Casilda parkean eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere bertan egon da. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Gesto por la Paz elkarteko kideak ere egon dira.

Gipuzkoako Batzar Nagusia

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere lore-eskaintza bat egin dute eta minutu bateko isilunea egin dute indarkeriaren eta polizia abusuen biktimen oroimenez.

Egoitzaren aurrean biktimen oroimenez egindako eskulturaren parean bildu dira, besteak beste, Lohitzune Txarola Batzarreko presidentea eta Ikerne Badiola, Jon Peli Uriguen eta Garbiñe Errekondo. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ordea, hiritik at dago eta ez da ekitaldian egon.

Omenaldian, halaber, batzarretako alderdi guztietako ordezkariak egon dira: Idoia Ormazabal (Bildu), Markel Olano (EAJ), Rafaela Romero (PSE-EE), Juan Carlos Cano (PP) eta Rebeka Ubera (Aralar).

Arabako Batzar Nagusiak

Bestalde, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak euskal historia soilik "indarkeriaren biktimei justizia eginez" idatzi daitekeela aldarrikatu du.

Gasteizko Udalarekin adostutako ebazpena irakurri du De Andresek Memoriaren Eguna dela eta egin duten ekitaldi bateratuan.

Biktima guztiak aintzat hartu behar direla uste du EH Bilduk

EH Bildu koalizioak "Euskal Herrian bake justua eta iraunkorra eraikitzeko, ezinbestekoa da biktima guztien aitortzea egitea biktimen klasifikazioarekin amaitzeko", esan du.

Memoriaren Eguna dela eta bidalitako ohar batean, "biktima guztiak omendu" behar direla defendatu dute.

"Indarkeria ororen biktima guztiak izan behar dira aitortuak eta erreparatuak. Desberdinen arteko elkarbizitza eraikitzeko, beharrezkoa da guztion artean eraikitako memoria erdiestea", diote oharrean, "pertsona guztien eskubideak errespetatuak eta defendatuak izango diren jendartea eraikitzeko".

Legebiltzarra

Legebiltzarrean soilik lore koro bat jarri dute Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak terrorismoaren biktimak gogoratzeko antolatutako ekitaldia bertan behera utzi ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea