Politika -
Polizia-operazioa
Fuentes Villota ETAko ustezko kidea atxilotu dute Liverpoolen
Britainia Handiko Poliziak ostiral goizaldean egin du atxiloketa, terrorismoaren kontrako iturriek jakitera eman dutenez. Behin-behineko espetxeratze agindua eman du epaileak.
Erredakzioa
Britainia Handiko Poliziak Raul Angel Fuentes Villota ETAko ustezko kidea atxilotu du gaur goizaldean Liverpoolen (Ingalaterra), terrorismoaren kontrako iturriek jakitera eman dutenez.
Espainiako Poliziaren Informazio ataleko agenteen laguntzari esker egin omen dute atxiloketa, aipatu iturrien arabera.
Fuentes Villota bilbotarrak 45 urte ditu. 1991ko ekainaren 6an atxilotu zuten lehenengo aldiz, Barakaldon, ETAko 'Matalak' taldeko beste ustezko kide batzuekin batera. 'Matalak' taldeari polizia bat eta guardia zibil bat hiltzea leporatzen diote.
Atxilotu eta lau egunera, Baltasar Garzon epaileak kartzelara bidali zuen Fuentes Villota. Hala ere, 1995eko ekainaren 9an kartzelatik atera zen, gehienez lau urtez egon baitzitekeen preso epaiketarik egin gabe.
Kartzelatik atera izanak eta ihesak polemika handia eragin zuen Espainian, Auzitegi Nazionala ez zelako haien kontrako epaiketa bat egiteko gai izan lau urtetan.
Ez du espainiaratzea onartu
Raul Fuentes Villotak espainiaratzea errefusatu du, eta behin-behinez espetxeratzeko agindua eman du epaileak.
Agerraldi laburra egin du ETAko ustezko kideak epaile aurrean. Izena eta jaioteguna baieztatu ditu, eta espainiaratzea onartzen zuen ala ez galdetuta, ''ez'' erantzun du. Hala, azaroaren 30a arte espetxeratzera igorri du; egun horretan berriz agertu beharko du epaile aurrera.