Politika -
Elkarrizketa ETBn
Quiroga, EH Bildu Legebiltzarreko Mahaitik kanpo uztearen kontra
Eusko Legebiltzarreko azken presidentearen arabera, Mahaiak erakundearen "isla" behar du izan, eta UPyDren eskakizuna errefusatu du.
Erredakzioa
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarraren azken legegintzaldiko presidenteak uste du erakunde horretako Mahaiak "Legebiltzarraren isla" izan behar duela, "gustatu ala ez". Horren harira, Euskal Herria Bildu "oposizioko lehenengo indarra" dela azpimarratu du.
ETBren 'Egunon Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Quirogak ez du bat egiten UPyDren eskariarekin, izan ere, Gorka Maneiro Legebiltzarkideak EH Bildu Legebiltzarreko Mahaitik kanpo uztea eskatu zuen.
Quirogaren esanetan, "Eusko Legebiltzarraren osaera gustatu ala ez, gauzak gaizki hastea izango litzateke, eta oposizioko lehenengo indarra denez, horren isla izan behar du Mahaiak".
Subiranotasunaren eztabaida eta krisia
Bestalde, Quirogari "oso ondo" iruditzen zaio Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak inbestidura-ekitaldiaren ondoren Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin bildu nahi izatea. Hala ere, krisi ekonomikoa "beste gauza batzuen" gainetik dagoela eta elkarrizketak gai horretara mugatu behar direla uste du.
Hori horrela, PPren eledunak esan du badakiela gobernu abertzale batek ez duela "baztertuko independentziaren helburua", baina "eztabaida horiek krisi ekonomikoaren eztabaida ez estaltzea" espero du.