Politika -
2013ko Aurrekontuak
Berriz ere ireki dute Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko eztabaida
2013ko Aurrekontuei osoko bost zuzenketa aurkeztu dizkiete, eta, aurreikuspenen arabera, aurrera egingo dute zuzenketok. Ondorioz, Gobernuari itzuliko diote aurrekontu proiektua.
Erredakzioa
Nafarroako 2013ko Aurrekontuei osoko bost zuzenketa aurkeztu dizkiete oposizioko alderdiek, eta, litekeena da zuzenketa horiek aurrera egitea eta aurrekontu proiektu hori onartu gabe kontuak UPNren Gobernuari berriz itzultzea. Yolanda Barcinaren exekutiboak datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko duen zailtasunen aurrean, berriz ere piztu da Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko eztabaida.
PSNk, Bilduk, NaBaik, I-Ek eta adskribitu gabeko parlamentariek 2013ko Aurrekontuen proiektuari aurkeztutako bost osoko zuzenketak datorren ostegunean eztabaidatuko dituzte Nafarroako Parlamentuan. UPNk eta PPk kontrako botoa eman arren, litekeena da proiektua berriz ere Gobernura itzultzea, aurrekonturik onartu gabe.
Egoera horren aurrean, Barcina buru duen exekutiboaren kontrako zentsura mozioa eta hauteskundeak aurreratzeko aukera mahai gainean jarri dituzte berriz hainbat taldek.
UPN eta PSN, hauteskundeak aurreratzearen kontra
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak argitu duenez, ''Gobernuak ez ditu hauteskundeak aurreratuko''.
Juan Jose Lizarbe bozeramaile sozialistaren hitzetan, bestalde, Aurrekontuak atzera botatzeak ez dakar zertan zentsura mozioa aurkeztu beharra. Haren ustez, ''tokatzen denean'' osatu behar da Gobernu berria, eta ''hobe da'' Gobernu aldaketa herritarrek botoa ematen dutenean egitea.