Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Tejeriak esparru berria negoziatzea eskatu du, baina 'inposatu gabe'
Legebiltzarreko presidentearen esanetan, Euskadik "erabakitzeko eskubidea" dauka, baina "denon artean negoziatu eta hitz egin beharko da".
Erredakzioa
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Ganberan Euskadirentzako esparru juridiko berria negoziatzearen alde egin du, baina betiere "ezer inposatu gabe".
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan, Euskadik "erabakitzeko eskubidea" duela adierazi du agintari jeltzaleak, baina "denon artean hitz egin" eta "akordioak" bilatu beharko direla gaineratu du.
Tejeriaren esanetan, bere nahia EAEk esparru juridiko berria izatea da, baina ez du zehaztu legegintzaldi honetan saiatuko den: "Nik nahi dudana aldeak eseri eta elkarrekin hitz egitea, negoziatzea eta akordioak lortzea eta han hitzartzen dena bideratzea da".
Horren ustez, Legebiltzarreko gehiengoak "eredu berria" nahi du, eta hori batzorderen batean eztabaidatu beharko litzateke. "Norberak bere ikuspuntua badu ere, akordioak lortzeko borondatea badago", nabarmendu du.
Legebiltzarreko presidenteak uste du prozesu horren amaieran herritarrei kontsulta egin beharko zaiela, betiere "hala adosten badute". "Denbora daukagu, eta borondatea egotea espero dut", esan du.
Bestalde, Eusko Legebiltzarrean "lau euskal herritatik hiru" ordezkatuta daudela azpimarratu. Izan ere, EAEn ez ezik, Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere euskal herritarrak badaudela gogorarazi du. "Denak batera 'Zazpiak bat' dira, baina ni EAEko Legebiltzarreko presidentea naiz", erantsi du.