Politika -
Botere-eskualdaketa
'Jarduneko Eusko Jaurlaritzak ez du aurrekontua dirurik gabe utziko'
Botere-eskualdaketa "ordenatua, leiala eta garbia" egiteko asmoa duela azpimarratu du Patxi Lopez jarduneko lehendakariak.
Erredakzioa
"Ohikoa bakarrik" kudeatuko duela esan dio Patxi Lopez jarduneko lehendakariak EAJri. Halaber, "aurrekontua dirurik gabe utziko ez" duela iragarri du, "haiek egin zuten bezala".
Halaber, erabakia bere esku egongo balitz eta txosten juridikoek lagunduta, langile publikoen Gabonetako ordainsaria ordainduko lukeela nabarmendu du. Hala ere, erabakia hurrengo Gobernuaren esku uztea "zentzuzkoa" dela adierazi du.
Europa Pressi eskainitako elkarrizketan Patxi Lopezek esan duenez, botere-eskualdaketa "ordenatua, leiala eta garbia" egiteko asmoa du. "Ez dut nahi zelai jokoa aldez aurretik pozointzea eta botere-eskualdaketa egiteko batzorde hori Gobernuari legezkotasuna kentzeko antzokia bihurtzea", ohartarazi du Lopezek.
Izan ere, "Gobernura iritsi nintzenean, borondate eta laguntza jaso beharrean, orrialde zuriak eta sail hutsik aurkitu nituen", deitoratu du. "Botere-eskualdaketa ordenatua, zentzuzkoa eta garbia egiteko asmoa dut baina ez dut EAJren joko zikina onartuko", azpimarratu du.
Oraingo "Exekutiboak ohikoa dena bakarrik kudeatuko du, hitzemandakoa beteko du baina honetaz aparte, ez du gastu gehiago suposatu dezakeen erabaki berririk hartuko".
Etorkizuneko murrizketak
Patxi Lopezek salatu duenez, "EAJk legegintzaldi osoa darama zifrak, datuak eta gertakariak asmatzen, Gobernu honi legezkotasuna kentzeko eta honek ondoren ezarriko duen murrizketa politikari bidea errazteko".
"Hondamen-egoera baten aurrean gaudela diote jeltzaleek, hauteskunde-kanpainan iragarri duten murrizketak ondoren ezarri ahal izateko", adierazi du sozialistak.
Funtzionarioen ordainsaria
Bestalde, erabakia bere esku egongo balitz eta txosten juridikoek lagunduta, langile publikoen Gabonetako ordainsaria ordainduko lukeela nabarmendu du. Hala ere, erabakia hurrengo Gobernuaren esku uztea "zentzuzkoa" dela adierazi du, "legez kanpoko erabakirik ez hartzeko".