Politika -
Aralarren asanblea Nafarroan
UPNren Gobernua 'agortuta' dagoela salatu du Aralarrek
Zabaletaren ustez, Nafarroako "egoera politikoa desorekatua dago", Gobernua gutxiengo baten eskuetan dagoelako eta "ekimenik bultzatzeko, erabakirik hartzeko eta arazorik konpontzeko gai ez delako".
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak Nafarroako Parlamentuko gainontzeko alderdiekin elkarriketatzearen alde egin du, UPNko Gobernuari aurre egiteko. Zabaletaren iritziz, Barcinaren Gobernua "agortuta dago eta Pprengan gero eta mendekotasun handiagoa dauka".
Zabaletak kazetariei egin dizkie adierazpenol, Aralarrek Nafarroan egindako Asanblea nagusiaren atsedenean. Asanblean Nafarroako egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala izan dute hizpide.
Ekonomia egoerari dagokionez, "oso larria" dela deritzo, eta "krisi estrukturala" bizi dugula esan eta krisi hori "konfiantza krisia eta inguruaren ondorioa" bakarrik ez dela azpimarratu du. Krisiak ondorio "onartezinak" dituela gaineratu du Zabaletak, Nafarroan 51.000 pertsona lanik gabe egotea "jasanezina delako" eta "beharrezko erabakiak hartzea eskatzen duelako, nahiz eta erabaki horiek "gogorrak" izan.
Nafarroa "desorekatuta" dago
Halaber, Nafarroako egoera politikoa "desorekatua" dagoela salatu du Zabaletak, Gobernua gutxiengo baten eskuetan dagoelako eta "ekimenik bultzatzeko, erabakirik hartzeko eta arazorik konpontzeko gai ez delako". Eta horrek, Zabaletaren ustez, arazo berriak eta krisiak sortutakoak areagotzea dakar".
Aralarreko ordezkariak onartu egin du krisi testuinguruak ekimenak bultzatzea eskatzen duela, baina erabakiak ezin dituztela eurek bakarrik hartu gaineratu du, "beste alderdiekin hitz egin beharra dago": lehenik eta behin "alternatiba bat eraikitzen saiatzen ari direnekin, EH Bilduren antzera".