Politika -
PP eta PSE-EE
Getxon, biktimen aldeko omenaldian ez egotea kritikatu diote Bilduri
Imanol Landa alkate getxoztarrak ezker abertzaleak biktimak aitortzeari dagokienez egindako aurrerapausoak azpimarratu ditu.
Erredakzioa
Getxoko Udalak terrorismoaren biktimei egindako omenaldian parte hartu ez izana kritikatu diote PP eta PSE-EEko zinegotziek Bilduri. Biek ala biek, “hitzetatik ekintzetara pasatzeko” eskatu diote koalizio abertzaleari.
Bildu salbu, Getxoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak elkartu dira, terrorismoaren biktimen omenez jarritako eskulturaren aurrean egin den ekitaldi xumean.
Nerea Llanos Bizkaiko PPko idazkari orokorraren hitzetan, “pena da” oraindik pausoa ematera ausartzen ez diren alderdi politikoak egotea. “Idatziz hainbat kontu esaten dituzte, baina jarrera hori ez dute behar denean erakusten”, gaineratu du.
Ildo beretik hitz egin du Luis Almansa Alderdi Sozialistako zinegotziak ere, eta Bilduk omenaldian parte hartu ez izana azpimarratu du. Horren aurrean, “hitzekin baino, ekintzekin erakutsi behar dute garai berri baten aurrean gaudela”, esan du.
“Ezker abertzalearen eta Bilduren borondate oneko hitzak ezerezean gelditu dira gaur. Gaur hemen egon behar zuten”, gaineratu du Almansak.
Imanol Landa Getxoko alkateak (EAJ), bestalde, ezker abertzaleko hainbat kidek eragindako kaltea aitortu izana azpimarratu du.