Politika -
Erosketa bertan behera
Ez dituzte legebiltzarkideentzat tabletik erosiko
100 tablet erosteko abian jarritako lehiaketa publikoa bertan behera utziko du Eusko Legebiltzarreko Mahaiak.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak bertan behera utzi du legebiltzarkideentzat 100 tablet erosteko abian jarritako lehiaketa publikoa; izan ere, hogeita hamar legebiltzarkide inguruk tableta jasotzeari uko egin diote.
Aurreko Mahaiak hartu zuen legebiltzarkideentzat iPad tabletak erosteko erabakia, eta horiekin batera ordenagailu eramangarri bana eta azken belaunaldiko sakelako telefono bana ematekoa.
100 tablet erosteko abian jarritako lehiaketa bertan behera uzteko eskatu zion EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, koalizioaren iritziz, horiek erostea beharrezkoa ez zelako. Halaber, erosiz gero, EH Bilduko legebiltzarkideek tabletak hartzeari uko egingo ziotela jakinarazi zuen.
PSE-EEk ere erosketa bertan behera uzteko eskatu zuen, eta PP alderdiko legebiltzarkideek tableta jasotzeari uko egingo ziotela iragarri zuten.
Kontuak kontu, erosketa bertan behera uztea erabaki du gaur Eusko Legebiltzarreko Mahaiak.
Legebiltzarreko alderdien iritzia
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak gaur goizean jakinarazi duenez, karguan jarraitu izan balu, legebiltzarkideentzat tabletak erosiko lituzke. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hartutako erabakia “errespetuz” onartu du, baina “iraganean legebiltzarkideei ordenagailu eramangarri bana eman zitzaienean ere kritikak izan zirela” gogoratu du.
Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, koalizio abertzalearen “presioari esker” gelditu da bertan behera tableten erosketa. Gaineratu duenez, legegintzaldi osoan lan egingo dute “dirua publikoa zentzuz erabiltzen dela bermatzeko”, eta “orain arte jazo diren dinamika desegokiak geldiarazteko”.