Politika -
Legegintzaldiko ekimenak
Legebiltzarreko alderdiek ETAren indarkeria gaitzestea eskatuko du PPk
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak terrorismoaren biktimekin duen konpromisoa berritu nahi du ekimen horrekin.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak legegintzaldi berriari begira egingo dituen ekimenak aurkeztu ditu astelehen honetan, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko PPren bozeramaileak. Lehen ekimenarekin hiru helburu lortu nahi dituzte: Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek ETAren indarkeria gaitzestea, erakunde armatuaren desegitea eskatzea eta biktimekin duten konpromisoa berritzea.
Arantza Quirogak Eusko Legebiltzarrean bertan aurkeztu ditu bere alderdiak legegintzaldi honetarako prestatu dituen ekimenak; ETAren disoluzioa eskatzeko ekimena, besteak beste.
Kazetarien aurrean egin duen agerraldian azaldu duenez, legez besteko proposamen horren helburua Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek lan egiteko “gutxieneko demokratiko batzuk ezartzea da”.
Eusko Legebiltzarreko presidente ohiaren iritziz, ezinbestekoa da terrorismoari buruzko adostasuna lortzea. Bestalde, ETAren atentatu guztiak gaitzesteko eta talde armatuaren behin betiko desagertzea eskatzeko dei egin die alderdi politikoei.
Halaber, Eusko Legebiltzarrak terrorismoaren biktimekin duen konpromisoa berritu nahi du ekimen horrekin.
Ekimenak Legebiltzarreko talde guztien babesa izatea espero du Arantza Quirogak. Halaber, ekimen horrek “oinarri garrantzitsua” duela adierazi du; izan ere, Diputatuen Kongresuak Amaiur ez beste talde guztien aldeko botoarekin onartu zuen Parlamentuan.