Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

"Udan kooperantea izatea esperientzia gogorra da, baina merezi du"

Carmen Muñozek udaldian borondatezko lankidetasuneko proiektu batean parte hartuko zuela aurreratu zigun eitb.com-en. Orain, Tanzaniako errefuxiatuen esparru batean bizitako esperientzia kontatu digu.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den abuztuaren 1ean, hamar boluntariok orain arte zuten ikuspegia aldatu duen bidaia bati hasiera eman zioten. AIPC Pandora gobernuz kanpoko erakundeak borondatezko lanaren bitartez kooperaziozko mikroproiektuak antolatzen ditu eta horien artean da aurten Kabangako eskolan, Tanzanian, lehen aldiz martxan jarri dutena. Hamar bountariok osatutako talde batek aurreko oporraldietatik guztiz desberdinduko den esperientzia bat bizi dute. Horrela adierazi du behintzat Carmen Muñozek, AIPC Pandora erakundearen ekimenean parte hartu duen euskal kooperanteak.

"Oso esperientzia positiboa eta gomendagarria izan dela uste dut, baina, era beran, oso gogorra. Oporrak beste inoren alde lanean emateko, kontzientzia eta ardura handia behar dira. Hala eta guztiz ere, errepikatzeko asmoa dut, laguntzeko era asko daudelako", gaineratu du Muñozek.

Helburua bete dute

Esperientzia hau hasi aurretik, Muñozek eta gainontzeko boluntarioek kanpamentuan martxan jarriko zuten proiektu bat diseinatu zuten. Kabangako eskolak 659 ikasle ditu eta horietatik 147k behar bereziak dituzte, horien artean dira fetitxismoak eta sineskeriak sustatutako kontrabando makabro baten biktima diren albinoak. Horiekin guztiekin 34 irakaslek besterik ez dute lan egiten. Horregatik, kooperanteek egin behar zuten lanetako bat irakasleei laguntzea zen. Horrez gain, haurrak motibatu behar zituzten eta kanpamendua hornitzeko eguzki-panelak, ordenagailuak, ONCEk emandako itsuentzako softwarea, josteko makinak eta jostailuak eraman zituzten.

"Jarritako helburu guztiak lortu ditugu. Egia da horietako batzuk betetzea zaila izan dela, baina proiektu bikaina izan da", esan du Muñozek. Hala ere, euskal kooperanteak kanpamenduan oraindik ere dituzten arazoak zeintzuk diren argi ditu: elikagaiak, garbitasuna eta osasuna.

Irailetik aurrera proiektuan zehaztutako faseak garatzen hasiko direla aurreratu du Muñozek. Lehenik, medikua astean behin gerturatuko da eskolara. Horrez gain, garbitasun eta osasun irizpide batzuk irakasten saiatuko dira. Gomendio horien artean, eguzkiaren izpiek albinoengan sor ditzaketen kalteak ekiditeko kapela eta kremaren erabilera dago. Bestalde, beste bi logela eraikiko dituzte; izan ere, gaur egun ohe bakoitzean hiru pertsonak lo egiten dute. Gainera, jantoki bat eta sukalde bat ere egingo dituzte, orain, Muñozek gogoratu duenez, "leku berean jan eta pisa egiten baitute". Azkenik, Tanzaniako Cruz Roja erakundeak nazioarteko adopzio programa bat martxan jarriko du.

Egiteko dagoena

Tanzaniara joan aurretik, Muñozek horrelako esperientzia batean bizitzen diren fase desberdinak deskribatu zizkigun eitb.com-en: hasiera batean gauza asko egiteko goga; frustrazioa, asmo horietako asko egitea ezinezkoa dela ikustean; ondoren, integrazio momentua eta, azkenik, agurra.

"Integrazioa ezik, beste fase guztiak bizi ditudala uste dut. Aldea zaintzen jakin behar da, sentimenduei ez eragiteko eta, horretarako, askotan, bideokamera oso erabilgarria izan da", azaldu du. Hala ere, agurra oso hunkigarria izan zen: "Agurtzeko egin genuen festa gure egonaldiko unerik sentiberena izan zen. Musika jarri eta denek dantza egin genuen. Umeak agurtzera gerturatzen zitzaizkidanean malkoak irtetea saihestezina zen".

Oraindik, Muñozek esan duenaren arabera, asko dago egiteko, baina lekukoa "datorren urtean joango diren kooperanteek jasoko dute eta, noski, topatuko duten errealitatea oso desberdina izango da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea