Teknologia -

Applen sakelako berria

iPhone 'merkea' 600 eurotan?

iPhone 5Ca ez da pagotxa; gama ertaineko sakelakoa da, gama altukoa baino 99 dolar merkeagoa.

Bost koloretan egongo da eskuragai iPhone 'merke' hau. Argazkia: EFE
iPhone 5C
Bost koloretan egongo da eskuragai iPhone 'merke' hau. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

600 euroko sakelako bati 'merkea' deitzerik badago? Tankerako galderak bolo-bolo dabiltza azken orduetan Twitter bezalako sare sozialetan. Ikusmin handia izan zen atzo Applek Cupertinon (Kalifornia, AEBak) aurkeztu behar zuen iPhone merkea zela eta; izan ere, askotxo ziren halakorik espero zutenak. Azkenean, baina, usteak erdia ustel.

iPhone 5S gama altuko telefonoa baino merkeagoa den beste sakelako bat aurkeztu zuen Tim Cookek: 99 dolar merkeago bi urteko kontratupean edo 600 euro konpainia bati atxikita erosten ez bada. Prezioaren aldea iPhone 5Ca egiteko erabili den materialean (plastikozkoa da) eta ezaugarrietan dago, iPhone 5Sak dituenak baino nabarmen apalagoak. Gama ertaineko sakelakoa da eta bost koloretan izango da salgai. Hartara, gazteentzat erakargarria suertatuko da.

Tankerako gailuetan aditu diren hedabideen arabera, Applek bi behar asebete ditu iPhone 5Crekin: Batetik, Samsung bezalako lehiakideei aurre egiten die eta susperraldian diren Txina bezalako merkatuetan lekua bilatu, eta, bestetik, enpresak lege duen diseinuari eta kalitateari muzin egingo ez dion produktu bat atera. Adituon esanetan, antzeko estrategia jarraitu zuen Jobsek iMac-ak eta iPod nano-ak 'herritartzeko' orduan.

Sorpresarik ez; etsipena, bai

Esamesak goitik eta behera sinetsi eta benetan merkea izango zen iPhone-a eskuratzerik izango zutela uste zutenek kolpe latza hartu zuten atzo. Twitter da, besteak beste, etsipen horren erakusle:

"Zenbatean daude hipotekak gazteentzako 600 euroko iPhone  merkea erosteko?", bota du @pacualdrake erabiltzaileak. "iPhone 5C ¿Low Cost? Ez zaitzatela engaina", aldarrikatu du beste txiolari batek. @LuciaaRodrigue etsituta agertu da Twitterren: "iPhone bat erosteko nire itxaropena hutsean geratu da... eskerrak telefono merkea zela!", adierazi du.

Irailaren 20a, gako

iPhone 5Ca datorren astean ipiniko da salgai; abenduan helduko ei da Espainiako Estatura.

Ikusteke dago Applen estrategiak huts egin edo salmentetan arrakastatsu ote den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Albisteak gaur