Teknologia -
Aurkezpena
Apple konpainiak iPad mini eta iPad Air berriak aurkeztu ditu
Bestalde, doako softwarearen aldeko apustua egin du konpainiak. iPad mini azaroaren amaieran merkaturatuko dute, eta iPad Air azaroaren 1ean.
Erredakzioa
iPad mini eta iPad Air aurkeztu ditu gaur Apple konpainiak, eta software politika aldatu du; izan ere, Mac ordenagailuentzako sistema eragile berria eta bezero berrientzako iLife eta iWork tresnak doakoak izango dira aurrerantzean.
iPad Air izeneko tableta, 9,7 hazbetekoa, meheagoa da. 7,5 milimetroko lodiera du (aurrekoa baino % 20 meheagoa) eta 453 gramoko pisua (% 28 arinagoa), eta ertzak % 43 txikiagoak dira.
Tabletak 64 biteko A7 txipa du (iPhone 5S smartphoneak duena). Horrela, datuak prozesatzeko gaitasuna bikoiztu eta grafikoen abiadura bi aldiz biderkatuko du.
iPad Air azaroaren 1ean merkaturatuko dute 40 bat herrialdetan (Txinan eta Espainian, besteak beste). 16 gigako 'wifi' bertsioak 479 euroko salneurria izango du, eta LTE bertsioa 599 euroan salduko da.
iPad Air berria. Argazkia: EFE
iPad mini
Bestalde, 7,9 hazbeteko iPad miniaren berritasun nagusiak erretina pantaila (2.048x1.536 pixeleko bereizmena du) eta A7 txipa dira.
Horrela, prozesatzeko gaitasuna lau aldiz handiagoa du, eta zortzi aldiz handiagoa grafikoak kudeatzekoa, eta hori guztia tamaina berean.
iPad Air gailuaren anaia azaroaren amaieran merkaturatuko dute. 'Wifi' bertsioak 389 euroko prezioa izango du, eta LTE bertsioa 509 euroan salduko da.
Tableta berriek ez dituzte kamerak aldatu, eta zuri eta zilar kolorekoa eta beltz eta grisa salduko dituzte.
iPad Air berria. Argazkia: EFE
Softwareak ere tokia izan du aurkezpenean: iLife (iPhoto, iMovie eta Garageband) eta iWork (Pages, Numbers eta Keynote) tresnak doakoak izango dira gaurtik aurrera bezero berrientzat.