Teknologia -
Microsoft
Satya Nadellak Bill Gates ordezkatuko du Microsoften gidaritzan
Microsoft enpresaren sortzaileak Administrazio Kontseiluko presidente izateari utzi dio eta multinazionalaren kupulatik urrundu da.
Erredakzioa
Satya Nadella da Microsoft enpresako zuzendari exekutibo berria eta Bill Gates sortzaileak Administrazio Kontseiliko presidente izateari utzi dio.
Nadellak 46 urte ditu eta 20 urte daramatza Microsoften lanean, eta orain arte presidenteorde exekutiboa eta "lainoen" taldeko burua zen; hain zuzen ere, enpresako dibisio hori oso arrakastatsua da eta etengabe hazten ari da.
Indiar jatorriko ingeniari horrek lehiakortasun handiko une batean hartuko du enpresaren gidaritza; izan ere, multinazionalak berrasmatu beharra dauka merkatuaren eskariei erantzuteko.
"Transformazio garai honetan Satya Nadella da Microsoft gidatzeko pertsona egokiena", adierazi du Bill Gatesek. "Satyak ingeniari alorrean trebetasun handia, negozio ikuspegia eta jendea batzeko gaitasuna ditu. Haren ikuspegia eta esperientzia dira Microsofteko orain behar duena", gaineratu du.
Nadellak mezu elektroniko bat bidali die langile guztiei, enpresarekiko duen bokazioa helarazteko eta aurrekoengandik ikasi duen guztia eskertzeko.
Bill Gates Microsofteko teknologia aholkularia izango da aurrerantzean, eta John Thompson, berriz, Administrazio Kontseiluko presidente berria.
Steve Ballmer orain arteko zuzendariak kargua utziko zuela iragarri zuen abuztuan, eta geroztik ordezko baten bila aritu dira. Ballmerrek atzo utzi zuen kargua eta Nadellak berehala ordezkatuko du.