Teknologia -

Ekitaldia Cupertinon

Apple, iraultza berria hasi nahian

Konpainiak bere lehen erloju adimenduna aurkeztuko du gaur. Lehen produktu berria izango da Steve Jobs zendu zenetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apple konpainiak "ekitaldi berezia" iragarri du gaur arratsalderako, produktu berriak aurkezteko. Baieztapen ofizialik ez badago ere, badirudi produktuok erloju adimendun bat eta sakelako telefonoen belaunaldi berria izango direla.

Erloju adimenduna Appleren lehen produktu berria izango litzateke 2010. urtean iPad-a merkaturatu zuenetik. Tim Cook konpainiako buruaren lehen apustua izango litzateke, beraz, Steve Jobs 2011. urtean zendu zenetik.

ComputerWorld aldizkariaren esanetan, erloju adimendunaren aurkezpena Appleren "bosgarren iraultza" izango litzateke. Aurrekoak MacIntosh ordenagailua (1984), iPod MP3 erreproduzigailua (2001), iPhone telefono adimenduna (2007) eta iPad tableta (2010) izan ziren.

"Apple erloju adimendunak mundu osoan zabaltzea lor dezakeen konpainia bakarra da; hori da, hain zuzen ere, aurreko iraultzetan egin zuena", adierazi du Mike Elgan adituak. Izan ere, Samsung, LG eta Motorola konpainiek dagoeneko egin dute erloju adimendunen munduan barrena.

The Wall Street Journal egunkari estatubatuarrak aurreratu duenez, gailua bi tamainatan merkaturatuko dute, eta sentsoreak izango ditu, bihotzaren erritmoa eta osasunarekin lotutako beste hainbat gauza neurtzeko.

Bestalde, litekeena da Applek iPhone 6 telefono adimenduna ere aurkeztea. Orain arte konpainiak diseinatutako telefono handiena izango ei da, eta bi bertsiotan merkaturatuko dute: 4,7 hazbeteko pantailaduna eta 5,5ekoa. Oraingoek 4 hazbeteko pantaila dute.

Halaber, ordainketak telefonoaren bidez egiteko sistema bat ere aurkeztuko dutela uste dute adituek.

Appleren ekitaldia 10:00etan (19:00ak, Euskal Herrian) hasiko da, Cupertinoko Flint zentroan, hau da, 1984. urtean Mac ordenagailua aurkeztu zuten leku berean, iraultza berria abiatu nahi duten seinale.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea