Teknologia -
Apple
iPad Air 2 berria meheagoa da eta 10 orduko bateria du
Espero zen bezala, Touch ID hatz-marken detektagailua du dispositibo berriak. Astelehenetik aurrera Apple Pay ordainketarako sistema erabiltzeko beharrezkoa izango da Touch ID.
Erredakzioa
Apple erraldoi teknologikoak iPad Air 2 tablet meheagoa aurkeztu du gaur, eta baita iPad Mini 3 bertsio eraberritua eta bereizmen handiagoa duen iMac bat ere.
iPad Air 2 dispositiboa iPad Air baino % 18 meheagoa da eta 6,1 milimetroko lodiera du soilik. Dispositibo berriak pantailaren distirak % 56 murrizten ditu eta A8X mikroprozesadoreak azkartasuna % 40 hobetu du.
Espero zen bezala, Touch ID hatz-marken detektagailua du dispositibo berriak. Apple Pay ordainketarako sistema erabiltzeko beharrezkoa izango da Touch ID. Astelehenetik aurrera sistema erabilgarri izango dute bezeroek, Tim Cook Appleko kontseilari delegatuak Cupertinon (Kalifornia), konpainiaren egoitzan, iragarri duenez.
Era berean, iPad Mini 3, iPad Miniren bertsio eraberritua, aurkeztu du gaur Apple-k, eta baita 27 hazbete eta bereizmen handiagoa duen iMac berria ere.
Ez da tableten sektorearentzat unerik onena; izan ere, dispositiboek erakargarritasuna galdu dute mugikor handi eta indartsuen mesederako.