Teknologia -
Ekimena
Arabako Fiskaltzaren berritze teknologikoa astelehenean abiatuko dute
Hobekuntza teknologikoen bidez, nonahi eta noiznahi lan egin ahalko dute, besteak beste.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak bihar abiaraziko du Araban euskal Fiskaltzaren berritze informatikoa, Justiziaren lana arindu eta eraginkortasuna hobetzeko. Hobekuntzon bidez, besteak beste, nonahi eta noiznahi egin ahal izango dute lana.
Jaurlaritzak 250.000 euro inguru bideratuko ditu hiru euskal fiskaltzen material informatikoa berritzera. Horrek “jauzi handia” ekarriko du bai kalitatean bai kudeaketan, eta herritarrei emandako zerbitzuetan ere eragingo du, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hobekuntzen artean, informazioa eta espedienteak erregistro bakar batean bilduko dira, bertan kontsultatu ahal izateko, auzien jarraipen osoa egiteko; gainera, sarean lan egin ahal izango da, eta Fiskaltzaren eta epaitegien arteko komunikazioa hobetuko da.
Halaber, sinadura elektronikoa erabiltzeko modua izango da, eta, horri esker, baliabideetan aurreztu ez ezik, kudeaketa sinplifikatu eta komunikazioa hobetuko da.
Tresna informatiko berria bihartik aurrea zabalduko da Araban eta zigor arloko fiskaltzan, instrukzio epaitegietan, zigor epaitegietan, emakumeen kontrako delituen epaitegietan eta Arabako Lurralde Auzitegiko zigor arloan lan egiten duten 84 pertsonen lanean izango du eragina.