Teknologia -
Telekomunikazio sareak
Nokiak Alcatel-Lucent erosiko du, 15.600 milioi euroren truke
Sektorean azken hamarkadan egindako operazio handiena izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nokia telekomunikazio sareen finlandiar konpainiak Alcatel-Lucent frantziarra erosiko du, 15.600 milioi euroren truke.
Sektorean azken hamarkadan egindako operazio handiena izango da, eta, ondorioz, Nokia munduko bigarren sare ekoizle inportanteena izango da, merkatu kuota kontuan hartuta.
Operazioa akzioak trukatuz egingo dute, hau da, Alcate-Lucent konpainiako akziodunek enpresa berriaren 0,55 akzio jasoko dituzte, zaharrean zuten akzio bakoitzeko.
Konpainia berriak Nokia Corporation izango du izena; Nokiak akzioen % 66,5 izango ditu, eta Alcaltelek % 33,5. Orotara, 114.000 langile eta 26.000 milioi euroko fakturazioa izango dituzte.
Bat-egitea gauzatu eta gero, Nokiak % 35eko kuota izango du haririk gabeko sareen merkatuan, hau da, bigarren konpainia inportanteena izango da. Lehena Ericsson suediarra (% 40) da, eta bigarren Huawei txinatarra (% 20).
Nokiak telekomunikazio aplikazioak eta mapa digitalak ekoizten ditu, iaz Microsofti sakelako telefonoen saila saldu zionetik.
Antza denez, kartografia saila ere saltzea aztertzen ari da, baina oraingoz ez du ezer baieztatu.