Teknologia -

Google Maps

Google Mapsek barkamena eskatu du Obamaz erakutsi dituen emaitzengatik

Google Maps-eko bilatzailean 'beltzaren etxea' edo 'errege beltza' jarrita Etxe Zuria erakusten zuen. Googlek adierazi du lanean ari dela arazoa konpontzeko.

Google. Artxiboko irudia: EFE
Google. Artxiboko irudia: EFE
Google. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Google enpresak barkamena eskatu du Google Maps mapa zerbitzuak Barack Obama AEBko presidentearen inguruan erakutsi dituen emaitzengatik; izan ere, mapa zerbitzuko bilatzailean "beltzaren etxea" edo "errege beltza" jarrita, Etxe Zuria erakusten zuen.

"Google Maps-en agertu behar ez zuten hainbat emaitza desegoki azaldu dira, eta barkamena eskatzen dugu horrek inor iraindu badu", esan du Googlek ohar baten bidez, The Washington Post egunkariak zabaldutako albistearen ondotik.

Egunkariaren arabera, Google Mapseko bilatzailean "beltzaren etxea" edo "errege beltza" jarrita Etxe Zuria erakusten zuen lehen hiru emaitzen artean.

"Gure taldeak lanean ari dira arazoa lehenbailehen konpontzeko", gaineratu du bozeramaileak.

Bestalde, duela gutxi Googlek bertan behera utzi du erabiltzaileei mapak editatzeko eskaintzen zien aukera, hainbat intzidentzia izan ostean. Esaterako, Pakistanen Googleren maskota Apple etxearen logoaren gainean pixa egiten jarri zuten erabiltzaileek.

Googlek iragarri du maiatzaren 27an aztertuko duela egoera, eta, bien bitartean, edozein intzidentziaren berri emateko dei egin die erabiltzaileei.

Enpresak salatu duenez, azken hilabeteetan nabarmen igo dira Google Maps zerbitzuaren kontrako erasoak, baina ez dago argi Obamaren intzidentzia hirugarren batzuen lana den edo bilaketak egiteko algoritmoarekin loturiko arazo batek eragin duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barack Obama bideoak Google