Teknologia -

Accelerated Mobile Pages

Prentsa digitalaren edukiak azkarrago kargatzea nahi du Googlek

Konpainiak azaldu duenez, “webgune batek zabaltzeko denbora asko behar duen bakoitzean editoreek irakurleak eta publizitatearen edo harpidetzen bidez diru-sarrerak lortzeko aukerak galtzen dituzte”.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Accelerated Mobile Pages (AMP) kode irekiko ekimen berria aurkeztu du Google konpainiak, webgune mugikorren errendimendua hobetzeko helburuarekin.

Telefono adimendunek eta tabletek goitik behera aldatu dute informaziora jotzeko modua. “Baina webgune mugikorra esperientzia etsigarria izan daiteke oraindik; izan ere, batzuetan esku artean duzun superordenagailuak 2004ko PC batek baino denbora gehiago behar du atari bat zabaltzeko”, adierazi du konpainia erraldoiak ekimenaren aurkezpenean.

Editoreak eta komunikabideak kezkatuta daude edukiak kargatzeko garaian erabiltzaileek izaten dituzten arazoen aurrean. “Webgune batek zabaltzeko denbora asko behar duen bakoitzean editoreek irakurleak eta publizitatearen edo harpidetzen bidez diru-sarrerak lortzeko aukerak galtzen dituzte”, konpainiak azaldu duenez.

Era berean, datuak geldo kargatzeak publizistei ere eragiten die; izan ere, “erabiltzaileek interesa galtzen dute”, erantsi du Googlek.

Webgune estandarren bertsio arinagoak

Proiektua AMP HTML hizkuntzan oinarritzen da. Formatu ireki berria da, baina existitzen zen web teknologiarekin eraman dute aurrera. Webgune estandarren bertsio arinagoak sortzeko aukera ematen du. Horrela, nahiz eta edukiak bideoak, animazioak, grafikoak edo iragarkiak izan, berehala kargatuko dira. Gainera, kodeak plataforma eta dispositibo anitzetan funtzionatzen du, zehaztu du konpainiak.

Google erraldoiaren, komunikabideen eta editoreen arteko lankidetzak beste ekimen bat ere badu: The Digital News Initiative. Apirilean eman zuten berrikuntza teknologikoaren bidean Europako komunikabideekin elkarlanean aritzeko ekimenaren berri.

Twitter, Pinterest, Wordpress, ChartBeat, Parse.ly eta LinkedIn-ek AMP HTML formatua barneratzeko konpromisoa hartu dute dagoeneko, Googleren esanetan, eta datozen hilabeteetan areagotu egingo dute lankidetza hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Google