Teknologia -
Golardoa
Bilboko ikasle batek droneak programatzeko software bat diseinatu du
Alberto Aguado San Millan ikasle ohiak Accenture Saria jaso du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Master Amaierako Lan Hoberenari ematen zaion Accenture Sariaren epaimahaiak Alberto Aguado San Millan ikasleari eman dio golardoa. Hain zuzen ere, hurrengo promozioetako ikasleek tripulaziorik gabeko aire ibilgailuak (droneak) programatzen eta kontrolatzen ikasteko software bat garatu du.
Aguado San Millanek aurreko ikasturtean amaitu zituen ikasketak, eta praktikak amaitu ondoren, Ingeteamen kontratua jaso zuen. Eloy Irigoyen Gordo irakasleak zuzendu duen proiektuan garatu den softwareari esker, erabiltzaileak dronaren nabigazioa programatu ahal izango du, oinarrizko elementuetatik hasita (aireratzea, hegaldiaren kontrola…) eta simulazioak egin ahal izango ditu, bere sistemaren doikuntzak edo modelizazioak egiteko, baina hardwarearekin izan beharreko komunikazioa ere errazten du, wifi bitartez, eta horren bidez, dronari jartzen zaizkion sentsoreek bidalitako seinaleak ere jaso ahal izango ditu.
Tripulaziorik gabeko aireko ibilgailu horiek funtzio militarrak izatetik, aplikazio ugari garatzera igaro dira azken urteetan; adibidez, landaredia handietako izurriak kontrolatzeko eta haize-errota parkeetako sorgailuen mantentze lanak zaintzeko erabiltzen dira dagoeneko, eta Amazon etxea, egiten zaizkion eskariak entregatzeko dronak erabiltzea ere aztertzen ari da.