Teknologia -
AEB
Gizon batek Pokemon Go bideo-jokoaren bi erabiltzaile tirokatu ditu
Gizonak kanpotik zetozen ezohiko zarata batzuk entzun ditu, eta bere etxebizitzaren ondoan aparkatuta zegoen ibilgailu bat ikusi du. Arma bat eskuan zuela irten da etxetik orduan.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek bere etxebizitzaren inguruan Pokemon Go bideo-joko arrakastatsuan jolasten ari ziren bi adingabe tirokatu ditu Floridako ipar-ekialdean (AEB), Poliziak jakitera eman duenez.
James Troiano Flager konderriko Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez, gertakaria goizalde honetan izan da. Dirudienez, gizonak kanpotik zetozen ezohiko zarata batzuk entzun ditu, eta bere etxebizitzaren ondoan aparkatuta zegoen ibilgailu bat ikusi du. Horren aurrean, arma bat eskuan zuela irten da etxetik.
Adingabeak zeuden tokira gerturatu denean, bi gazteek ihes egin dute, ibilgailuan. Une horretan, tiro egin die, baina ez du inor zauritu, Troianoren arabera.
Adingabeen ama bertako agenteekin harremanetan jarri da goizean, bere ibilgailuaren gurpilak hustuta ikusi ostean.
Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.