Teknologia -

Lehiaketa

Ekintzaile profesionalak sarituko dituzte Euskal Encounter topaketan

Negozioa hasieratik sortu eta garatuko duen proiektu ekintzaile bat eta jada sortutako negozio onena sarituko ditu eremu digitalarekin harremana duen startup lehiaketak.

Euskal Encounter topaketa (2015). Argazkia: EiTB
Euskal Encounter topaketa (2015). Argazkia: EiTB
Euskal Encounter topaketa (2015). Argazkia: EiTB

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 22tik 25era bitartean Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan antolatzen den Euskal Encounter topaketak startup lehiaketa bat jasoko du, proiektu ekintzaileak sustatzeko eta bultzatzeko helburua duena. Lehiaketa horretan, eremu digitalarekin harremana duten proiektuak aurkeztuko dituzte parte hartzaileek.

Startup Hackathoia bi kategoria desberdinetan banatzen da. Talde batzuek, startupa hasieratik sortu beharko dute, eta 48 orduko epea izango dute aurretik pentsatutako ideia bat garatu ahal izateko. Beste kategoria batean, berriz, beraien negozio eredua hobetu nahi duten taldeek parte hartuko dute.

Kategoria bakoitzeko sei talde onartuko dira, gehienez, eta talde bakoitza bizpahiru lagunek osatuko dute. Horrenbestez, uztailaren 22tik 23ra izango den lehiaketa horretan hamabi startup lehiatuko dira guztira.

Proiektuen gaia librea izango da, eta parte hartzaileek eremu digitalarekin harremana duten proiektuak aurkeztu behar izango dituzte. Besteak beste, telefono mugikorrentzat diseinatutako aplikazioen garapena edota e-commerce proiektuetako funtzionalitate berriak onartuko dituzte arduradunek.

Gainera, lehiaketan parte hartu dezaketen pertsonen profila irekia da, eta ekintzaile profesionalei zein unibertsitate ikasleei zuzenduta dago. Halaber, programatzaileen laguntza behar duten taldeei lehiaketaren arduradunek emango diete babes teknikoa.

Lehiaketaren epea bukatzen den unean, parte hartzaileek lau minutu izango dituzte epaimahaiaren aurrean euren proiektua aurkezteko, eta beste lau minutu galderak erantzuteko. Era berean, parte hartzaileek Twitter sare soziala erabili behar izango dute publikoaren botoa eskatzeko, eta lehiakideen negozio eredua bozkatuko dute.

Jada sortutako startup onenaren irabazleak mila euroko saria eskuratuko du publizitate digitalean erabiltzeko, Google Adwords eta Marketing Directo plataformetan. Beste alde batetik, 48 orduko epean sortutako startup onenari enpresaren eratze legala eta mila euroko finantzazioa emango diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Euskal Encounter