Teknologia -
Teknologia
iPad, gaur salgai Espainian
Bertsio merkeena 479 eurotan salduko dute, eta garestiena 779tan.
Erredakzioa
Hainbat hilabetetako zurrumurruren, iruzkinen, atzerapenen eta iritziren ostean, gaur iritsiko da Espainiako dendetara Apple-ren taula ordenagailua, hots, iPad entzutetsua.
Alemaniak, Australiak, Kanadak, Frantziak, Italiak, Japoniak, Suitzak eta Erresuma Batuak ere gaur jasoko dute.
Espainian, 479 eurotan salduko dute bertsio merkeena, eta 779tan garestiena. Appleren on line dendan erreserbatu ez dutenek saltokietan bilatu beharko dute.
Zein dendatan salgai dagoen jakiteko, konpainiak bilatzaile bat jarri du bere webgunean.
AEBetan milioi bat baino iPad gehiago saldu dituzte dagoeneko, 12 milioi baino aplikazio gehiago deskargatu dituzte eta 1,5 milioi liburu elektroniko erosi dituzte iBookstore dendan.
Tarifak
Orange lehena izan zen bere tarifak iragartzen. Hain zuzen ere, aurretiazko ordainketa sistemaren alde egin du, bezeroari "malgutasuna" emateko.
Hori horrela, bi tarifa mota ezarri ditu Interneten nabigatzeko: 3,5 euro egunean edo 35 euro hilabetean. Bi kasuetan, bezeroa aske izango da beste enpresa baten kontratura aldatzeko, hau da, ez du egonaldi konpromisorik sinatu beharko.
Vodafonek ere azkar iragarri zituen bere prezioak: 15 eta 32 euro hilabetean, 250 megako eta 2 Gigako abiaduraren truke, hurrenez hurren.
Muga hori gaindituz gero, abiadura 128 kb/s-ra jaitsiko da.
Movistarrek hiru tarifa ditu: 15 euro (200 mega), 25 euro (giga 1) eta 39 euro (5 giga). Dena dela, 3 euroren truke 30 mega izateko aukera ere emango du.
Halakoa da iPad
Appleren ''taula''k ordenagailua eta sakelako telefonoa uztartzen ditu eta 9,7 hazbeteko pantaila ukigarria dauka.
Urtarrilean egindako aurkezpenean, konpainiak azaldu zuen hainbat erabilgarritasun dituela iPad-ek, hala nola mapak begiratzea, liburuak eta egunkariak irakurtzea, Interneten nabigatzea eta bideojokoetan jokatzea.
Halaber, iPhone-rentzat sortutako aplikazio guztiak ere erabili ahal izango dira bertan.
Hazbete erdi zabal baino ez da, 700 gramokoa da, WiFi konexioa dauka eta piztuta 10 ordu irauten duen bateria darama.