Teknologia -

Kode irekia

PuntuEUS-ek bi zerbitzu berri aurkeztu ditu: labur.eus eta whois.eus

Horietako bat, labur.eus, estekak laburtzeko euskarazko zerbitzua da, eta whois.eus-en bidez, webgune edo domeinu-izenei buruzko informazioa eskuratzeko aukera zabaldu dute.

erredakzioa | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PuntuEUS Fundazioaren misioa euskara ingurune digitalean baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da. Horrela, sortzetik euskara ingurune digitalean sustatzeko proiektu bat baino gehiago gizarteratu ditu; hala nola, PuntuEUS Behatokia, Sarean.eus eta Euskarazko Interneten Eguna.

Fundazioak hedabideei igorritako ohar baten bidez azaldu duenez, bigarren urtebetetzearekin batera, abenduaren 3an, beste bi zerbitzu sareratuko ditu. Labur.eus eta Whois.eus. Bi zerbitzu hauek, gainera, kode irekian garatu dira, eta kodea eskuragarri dago nahi duenarentzat.

PuntuEUS-ek garatu eta Euskararen Nazioarteko Egunean sareratuko diren egitasmo hauen originaltasun nagusia euskaraz egotea da. Gaur egun sarean eskuragarri dauden tresna guztiak beste hizkuntzaren batean daude (ingelesez, gehienbat) eta atzerrian garatuak izan dira.

Labur.eus

Estekak laburtzeko euskarazko zerbitzua da. URL luzeak helbide motz eta erraz bihurtzea ahalbidetzen du, baita helbide horiek pertsonalizatzea ere. Tresna honek helbide zail eta luzeak gogorarazteko erraz bihurtzen ditu. Gainera, erabiltzaileak sortutako URL laburren historia kontsultatzeko aukera eskaintzen du.

Garai batean ttiki.com-ek eskaintzen zuen zerbitzu hau, baina itxi egin zuen webgunea. Labur.eus PuntuEUS Fundazioak eta Dinahosting-ek elkarlanean garatutako proiektua da, Polr 2-n oinarrituta dago eta GNU GPL lizentzia du.

Whois.eus

Whois.eus euskarazko WHOIS zerbitzu publikoa da, webgune edo domeinu-izenei buruzko informazioa eskuratzeko tresna. Tresna honekin, edozein domeinu-izenen erregistroan erabilitako informazioa eta bere eskuragarritasuna ikusi ahalko ditu erabiltzaileak. Ezagutza teknikoa ez dutenek domeinu-izen bati lotutako informazioa kontsultatzeko aukera ematen du, baita domeinu-izen hori libre dagoen ala ez jakiteko ere.

Zerbitzu honek, .EUS domeinuaz gain, TLD nagusiak (.com, .net, .org, etab.) kontsultatzeko aukera ematen du, eta informazioa euskaraz itzultzen du.

Ikuspegi teknologikotik, berriz, Whois.eus webgunea aitzindaria da WHOIS kontsulten bidez eskuratutako informazioa modu egituratu batean bistaratzen. Izan ere, orain arte garatu diren tresnek emaitzak testu luze baten bidez bistaratzen dituzte, eta horrek zaildu egiten du informazioa interpretatzea.

Gainera, beste WHOIS kontsulta tresna batzuek ez bezala, webgune honek .EUS domeinu-izenen informazioa bistaratzeko gaitasuna du.

Eskaintza berezia

.EUS domeinuak bi urte beteko ditu abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Urtebetetzea eta bi urte eskasean 6.000 domeinu-izenetik gorako komunitatea osatu izana ospatzeko, eskaintza berezia plazaratu du PuntuEUS Fundazioak. Horri esker, abenduaren 6ra arte prezio berezian eskuratu ahal izango da domeinua: 9,95 euroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Teknologia Euskararen Nazioarteko Eguna Azken kultur albisteak Albisteak