Teknologia -
Posta elektronikoak
Yahooren mila milioi erabiltzaile baino gehiagoren datuak ostu dituzte
Enpresak onartu egin du oraindik ezin izan duela identifikatu nondik egin duten lapurreta. 2013ko abuztuan gertatu zen, eta, antza, ez dauka zerikusirik irailean iragarritako lapurretarekin.
agentziak | erredakzioa
Yahoo enpresa estatubatuarrak iragarri duenez, zenbait hackerrek mila milioi erabiltzaile baino gehiagoren kontuen datuak lapurtu dituzte, eta oraindik ezin izan du identifikatu nondik egin duten.
Enpresak berak bere webgunean argitaratu duenaren arabera, datuak "baimenik ez zuen hirugarren batek" 2013ko abuztuan lapurtu zituela uste dute, gertatutakoa sakon aztertu ostean. Gainera, irailean ezagutzera eman zuten "gertaerarekin" loturarik ez duela erantsi du.
Aurreko lapurretaren berri eman zuenean, Yahook esan zuen aurrekaririk gabeko lapurreta izan zela. 2014an gertatu zen eta 500 milioi erabiltzaile baino gehiagori eragin zien.
Yahooren esanetan, lapurtutako datuen artean helbide elektronikoak, telefono-zenbakiak, jaiotza-datak, pasahitz enkriptatuak eta, kasu batzuetan, segurtasun galderak ere badaude, enkriptatuak zein enkriptatu gabekoak.
"Ikerketak dioenez, ebatsitako informazioaren artean ez dago enkriptatu gabeko pasahitzik, banku-txartelen bidez egindako ordainketen daturik ezta bankuetako kontuekin zerikusia duen edonolako informaziorik ere", esan du enpresak, informazio hori duen sistemari eraso ez diotela uste baitu.
Yahoo gertatutakoaren berri ematen ari zaie lapurretaren biktima izan diren erabiltzaileei, eta segurtasuna areagotzeko neurriak hartzen ari dela gaineratu du. Hasteko, eta badaezpada, pasahitzak aldatzeko eskatu die erabiltzaileei.
Halaber, enpresak baliogabetu egin ditu enkriptatu gabeko galde-erantzunak, kontuetan sartzeko erabil ez ditzaten.