Teknologia -
Salerosketa
Yahoo Altaba izatera pasatuko da, salmenta prozesua gauzatzen denean
AEBko telekomunikazio alorreko Verizon enpresak Yahoo bereganatzeko akordioa lortu zuen uztailean, eta 4.800 milioi dolar ordainduko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Yahook izena aldatuko du eta Altaba izango da, Verizon AEBko telekomunikazio alorreko konpainia erraldoiak Yahoo bereganatzeko uztailean lortu zuen akordioa gauzatzen denean. Gainera, Marissa Mayer zuzendari orokorrak kargua utziko du.
Verizon telekomunikazio konpainiak Yahoo bereganatzeko akordioa lortu zuen uztailean, eta 4.800 milioi dolar ordainduko ditu horren truke. Hala ere, salerosketa ez dago erabat itxita.
Salmentaren baitan ez dira sartzen Yahook eskudirutan zuen dirua, Alibaba Group Holdingsen eta Japoniako Yahoon zituen akzioak, ezta funtsezkoak ez diren Yahooren patenteak ere. Hori dela eta, Verizonek erosiko ez duen Yahoo konpainiaren zatiak izen berria izango du: Altaba.
Salerosketa kolokan egon zen Yahook 1.500 milioi erabiltzaile baino gehiagoren datuak lapurtu zizkiotela onartu ondoren.
Bestalde, salmenta gauzatzen denean, gaur egun Yahooko zuzendaritza osatzen duten hamaika lagunetatik bostek kargua utziko dute. Konpainia berriko presidentea Eric Brandt izango da Maynard Webb ordezkatuz.