Teknologia -
ZIENTZIA
NanoGUNEk bi proiektu europarretan hartuko du parte
Lau gazte hartuko ditu elektronika kuantikoan eta estaldura hibridoetan formatzeko.
Ixone Arana | EiTB.eus
Donostiako NanoGUNE Ikerketa Zentroak elektronika kuantikoko eta estaldura hibridoetako bi proiektu berritan hartuko du parte 2018ko urtarriletik aurrera Initial Training Networks programan, Europako programa lehiakorrenetako batean. Horri esker, datozen lau urteetarako ia milioi-erdi euro jasoko ditu zentroak proiektu bakoitzerako.
Europar Batasunaren Trebakuntza Sareetan, munduko hainbat herrialdetako unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta enpresek hartzen dute parte, ikertzaile-belaunaldi berri bat trebatzeko. Bikaintasun zientifikoa eta enpresa-berrikuntza bultzatzeko balioko du diru-laguntza horrek, baita ikertzaileen karrera-aukerak sustatzeko ere, horien ekintzailetza, sormena eta berritzeko gaitasuna garatuko baitira.
Doktore titulua ez duten eta ikerketako lehen 4 urteak eginak dituzten ikertzaile gazteak trebatzeko sareak dira, ESR ( izenarekin ezagutzen dituzten horiek trebatzeko, hain zuzen. 2018an, lau ESR ikertzaile hasiko dira nanoGUNEn, QuESTech eta HYCOAT proiektuetan, nanoGUNEko Nanogailuak eta Nanomaterialak taldeetan, hurrenez hurren.
Jose María Pitarke nanoGUNEko zuzendariaren hitzetan, “halako proiektuek izen ona ematen dute nazioartean; ona da, beraz, bai doktoratu aurreko, bai harrerako erakundearentzat”. Gainera, “halako proiektuetan parte hartzeak etorkizuneko beste proiektu batzuei” ateak zabaltzen dizkiela azaldu du, eta horrek garrantzi handia ematen diotela “Europako Batzordeak eta ikuskatzaileek finantziazioa emateko garaian”.
Lau beka horietako bat eskatzeko aukera zabalik dago zentroaren webgunean: www.nanogune.eu. Elektronika kuantikoaren eta estaldura hibridoen arloetan trebatzeko aukera izango dute ikertzaile gazte horiek.
QuESTech
QuESTech proiektuan (Quantum Electronics Science and Technology training) Europako aditu-sare bat sortuko da, elektronika kuantikoaren arloan ikertzaile gazteei abangoardiako trebakuntza eskaintzeko. Proiektu honen helburu nagusia da gailu elektroniko kuantikoak egitea, aztertzea eta sailkatzea da. Horretarako, 15 ikertzaile trebatuko dira espintronikan, elektronika bakunean, puntu kuantikoetan eta termodinamika kuantikoan.
Gainera, ikertzaile bakoitzaren ikerketa-proiektuetan, honako garapen teknologiko hauek izango dira kontuan: nanomaterialen hazkuntza, nanoegituraketa, eremu hurbileko mikroskopia, muturreko baldintzen mendeko garraio-neurketa eta kalkulu teorikoak. Dagoeneko, QuESTech proiektuaren emaitza batzuek interes komertziala sortu dute, garatzeko bidean dagoen elektronika kuantikoaren industrian
HYCOAT
HYCOAT Europako Trebakuntza sarearen helburua ondo trebatutako ikertzaile gazteen talde bat osatzea da, MLD (Molecular Layer Disposition) teknologiaren alderdi guztietan ezagutza sakona eta estaldura hibridoek izan dezaketen aplikazioari buruzko ikuspegi zabala izateko. Horrek arlo hauetan aurrerapenak egiteko aukera emango luke: ontziratzea eta kapsulatzea, elektronika, bateriak eta aplikazio biomedikoak.