Teknologia -
Internet
Facebook sare sozialak eduki pertsonalei lehentasuna emango die
Azken bi urteetan enpresen eta komunikabideen bideo zein edukien kopuruak gora egin du, eta pertsonalak baino gehiago dira dagoeneko, Zuckerbergek onartu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Enpresen edo komunikabideen sinadura duten argitalpenen gainetik, senideek edo lagunek argitaratutako edukiei lehentasuna emango diela iragarri du Facebook sare sozialak.
Erabiltzaileen esperientziei balio handiagoa emateko eta hobetzeko, plataformaren funtzionamenduan aldaketak egingo dituztela jakinarazi du Mark Zuckerberg Facebookeko sortzaile eta kontseilari delegatuak.
“Azkenaldian eduki publikoak (negozio, marka eta komunikabideen argitalpenak) besteekin gehiago konektatzera garamatzaten une pertsonalak ordezkatzen ari direla salatzeko iruzkinak jasotzen ari gara gure komunitatean”, aitortu du Zuckerbergek sare sozialean.
Desoreka
Azken bi urteetan bideo eta eduki korporatiboen kopuruak ikaragarri gora egin du eta lagun zein senideen pertsonalak baino gehiago dira jadanik, Zuckerbergek onartu duenez.
Erraldoi teknologikoaren buruzagiaren hitzetan, desoreka hori positiboa ez dela frogatzeko azterketa akademikoak egin dituzte.
Horregatik, sare sozialeko erabiltzaileek laster senitartekoen, lagunen eta ezagunen argitalpen gehiago ikusiko dituzte euren hormatan, Zuckerbergek aurreratu duenez.
Erabiltzaileen kopurua
2017ko iraileko azken datu ofizialen arabera, Facebookek batezbeste 1.370 milioi erabiltzaile aktibo ditu egunean.
Bestalde, hilean 2.070 milioi erabiltzaile aktibo zituen irailaren 30ean.