Teknologia -

GASTEIZ

Gasteizko Andre Maria katedrala, nanoteknologiaz berriztatua

Nano-partikulek eraikinak barrutik indartzen dituzte eta ohiko produktuak heltzen ez diren arrakala txikienetara heltzen dira.

Andre Maria katedrala, Gasteizen. Argazkia:Javier Mardones
Andre Maria katedrala, Gasteizen. Argazkia:Javier Mardones
Andre Maria katedrala, Gasteizen. Argazkia:Javier Mardones

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko katedral zaharrak Nano-Cathedral proiektuan parte hartuko du bere egitura sendotzeko Pisako, Vienako, Koloniako eta Ganteko katedralekin batera. Ekimena 2015ean abiatu zen, eta eraikinak mantentzeko nano-partikulak erabiltzean datza; izan ere, arrakala txikienetan sartu eta bloke bakoitzeko narriadura saihestu dezakete.

Bost hirietako ordezkariez gain, eraikin historikoen gaitzei konponbidea bilatzeko hainbat lekutako adituak bildu dira Gasteizen: Valentziako Unibertsitate Politeknikokoak, San Fernandoko Arte Ederren Ikastetxekoak, Donostiako San Telmo eta Bilboko Arte Eder museoetakoak, Nafarroako Gobernukoak eta Madrilgo Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzearen Goi Eskolakoak.

“Teknologia berri hori eraikinen harria berriztatzeko erabiltzea da asmoa, barrutik indartuz eta hutsuneak berriz elkartuz; izan ere, askotan poroak eta arrakalak hain txikiak direnez, ohiko produktuak ez dira barruraino sartzen”, azaldu du Andrea Lazzerik, proiektuaren koordinatzaileak.

Nano-partikulen bidez, poroak hezetasunaren, tenperatura baxuen eta kutsaduraren aurrean blindatzea da asmoa. Hala ere, material bakoitzak (marmola, hareharria edo kareharria) eta inguruko klimak leku bakoitzean konponbide bat erabiltzea dakarte; partzuergoak 35 konponbide probatu ditu 12 harri-motatan horien barneko narriadura gelditzeko.

Nano-Cathedral proiektua sei hilabete barru bukatuko da, baina emaitzak ebaluatzeko lanek jarraitu egingo dute. Gainera, partzuergoaren partaideetako batzuk ekimena luzatzea eta merkaturatzea proposatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Araba Euskadi bideoak EAE albisteak Artea bideoak Gaurko titularrak Gasteiz Albisteak Gasteizko erdigunea albisteak