Teknologia -
Astronomia
‘Ikatza’ bezain beltza den planeta ilun bat aurkitu dute
Bere izarretik oso gertu dagoen erraldoi gaseosoa da, eta jasotzen duen argiaren % 97-99 xurgatzen du.
agentziak | erredakzioa
Erresuma Batuko Keele Unibertsitateko ikertzaileek inoiz detektatu den planetarik ilunenetakoa aurkitu dute, eta WASP-104b izena jarri diote. Astronomoen arabera, Jupiterren neurrikoa da eta handik 1.076 argi urtera dago.
Gaseoso erraldoia da, eta bere izarretik oso gertu dago, 1,75 egun behar baitu haren inguruan itzuli osoa egiteko. Astronomoen arabera, “ikatza bezain beltza” da, bertako atmosferak horren izarrak eskaintzen duen argiaren % 97-99 xurgatzen baitu.
Ikertzaileen esanetan, WASP-104b horrek argia xurgatzen duen atmosfera oso lodia du, eta potasioz eta sodio atomikoz osatuta dagoela uste dute.
Horrez gainera, zergatik den beltza azaltzeko, planeta mareek blokeatzen dutelako dela esan dute. Horren ondorioz, planetaren alde bat izarrera begira dago beti, eta bestea, ilun eta hotz.
Ikertzaileen arabera, orain arte aurkitu diren hiru planeta ilunenetako bat da WASP-104b hori. TrES-2b izenekoa da planeta beltzen zerrendan lehena, jasotzen duen argiaren % 0,1 islatzen baitu.