Teknologia -

Inaugurazio ofiziala

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak bere ateak zabaldu ditu Miñaon

Hala ere, BCSC 2017ko urritik dago martxan. Aurtengo lehen sei hileotan, 6.041 ziberdelituren berri eman dute Euskadin.

ciberseguridad

Euskadiko zibersegurtasun zentroa inauguratu dute Miñaon

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC), gaur, instalazio berriak inauguratu ditu Miñaon (Araba). Inaugurazio-ekitaldian, Iñigo Urkullu eta Eusko Jaurlaritzako hiru sailburu izan dira: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Cristina Uriarte (Hezkuntza) eta Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna), SPRIk ohar batean jakitera eman duenez.

Javier Dieguez Zentroko zuzendaria izan da bulegoak erakusteko arduraduna, Arabako Teknologia Parkean, eta funtzionamenduaren xehetasunak azaltzekoa.

BCSC 2017ko urritik dago martxan, eta honako hauek ditu helburu nagusi: jarduera dinamizatzea eta zibersegurtasunarekin lotutako enpresa-sektorea sendotzea, Euskadi gaian nazioarteko erreferente izan dadin lortzea eta euskal gizartean segurtasun informatikoko kultura sustatzea.

Gainera, martxan daramatzan bederatzi hileotan, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa lortzen ari da lankidetza publiko-pribatuko ekimenetako buru izatea, bai toki mailan, bai eskualdeen arteko mailan Europan, eta, dagoeneko, aitortzen ari dira zibersegurtasuneko tokiko eskaintzaile eta eskatzaileen arteko topagune gisa.

 

"Hertsiki" dihardu lanean Ertzaintzarekin

 

Enpresa-dimentsio horrekin batera, BCSC, era berean, Euskadiko enpresa edo herritarrak arriskuan jar ditzaketen eraso informatikoei erantzuteko ekipo gisa sortu zen, eta "hertsiki" dihardu lanean Ertzaintzarekin, ziberdelituen jazarpenean lagunduko duten tresnak hornitzeko. Ertzaintzak, gainera, berezko aretoa eta agenteen presentzia iraunkorra du Zentroaren egoitzan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an, enpresei eginiko zibererasoen kalte ekonomikoa 840 milioi ingurukoa izan dela kalkulatzen da. Urte horretan, 9.127 ziberdelitu izan ziren, aurreko urtean baino ia %20 gehiago.

Aurtengo lehen sei hileotan, dagoeneko, 6.041 ziberdelituren berri dago. 120 erakunde inguruk eratzen dute Euskadiko zibersegurtasunaren sektorea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Ertzaintza Iñigo Urkullu Lehendakaria Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Gasteiz Albisteak Zibererasoak Enpresaburuak Interneteko berritasunak