Teknologia -

TEKNOLOGIA

‘Online bitartekoak ez dira etorkizuneko apustua, oraina dira’

LIN3S Bilboko enpresak urtero egiten den Google Marketing Platform Partners Summit ekitaldi ospetsuan parte hartu du.

LIN3S Bilboko enpresa 2018ko Google Marketing Platform Partners Summit ekitaldian. Argazkia: LIN3S
LIN3S Bilboko enpresa 2018ko Google Marketing Platform Partners Summit ekitaldian. Argazkia: LIN3S
LIN3S Bilboko enpresa 2018ko Google Marketing Platform Partners Summit ekitaldian. Argazkia: LIN3S

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Google Marketing Platform Partners Summit ekitaldia egin dute urriaren amaieran San Frantziskon. Arlo horretan aritzen diren munduko enpresa garrantzitsuenak bildu dituzte bertan, horien artean Bilboko LIN3S enpresa. Idoia Barruetak eta Iñaki Gorostizak han bizi izandakoaren berri eman diote eitb.eus-i.

Bigarren aldiz izan zarete Google Marketing Platform Partners Summit ekitaldian. Zer da zuena bezalako enpresa batentzat horrelako ekitaldi batean egoteko aukera izatea?

Googlek mundu osoko marketin ataleko enpresak gonbidatzen ditu ekitaldira. Orain dela bi urtetik gara Google Analytics, GTM, Optimice eta Data Studioren partner, eta zorioneko gara honelako ekitaldietan parte hartzeagatik. Esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukera ematen digu, eta inspirazio iturri dira.

Mundu osoko 400 enpresa baino gehiago izan dira aurten. Oso aberasgarria da herrialde bakoitzean zer egiten ari diren ezagutzeko. Izan ere, guztiok erreminta berak erabiltzen ditugun arren, leku bakoitzeko merkatuak ezberdinak dira, baita lan egiteko moduak ere.

Zeintzuk dira ezberdintasun horiek?

Analitika digitala aintzat hartuz gero, merkatuen heldutasun maila ezberdina dela esan dezakegu. AEB erreferentea da, oso barneratuta baitute marketin digitalaren arloan ekintzak egitearen beharra. Hemen, oraingoz, ez dira horrelako inbertsioak planteatzen. Hori dela eta, haiek zehazten duten bideari jarraituko diogu. Ekitaldietan ikasten dugunak helburuak zehazteko balio izaten digu, aurrera zer eraman dezakegun jakiteko eta enpresei online bitartekoak oraina direla ezagutarazteko. Online bitartekoak ez dira etorkizuneko apustua, oraina baizik.

Beste euskal enpresarik izan al da?

Parte hartu duen euskal enpresa bakarra izan gara. Ekitaldian beste euskaldunik ere izan da, baina modu pertsonalean.

Honelako ekitaldien konfidentzialtasuna aintzat hartuta, berrikuntzaren baten berri eman diezagukezu?

Pertsonalizazioarekin eta automatizazioarekin lotutako gauza orok izango du garrantzia. Pertsonalizazioarekin eta automatizazioarekin lotutako gauza orok izango du garrantzia. Online marketinean oso garrantzitsua da erabiltzaileari bere beharretara egokitutako elementuak eskaintzea. Era berean, datuak aztertzen ikasi behar dugu. Gertatu dena ezagutzeko ez ezik, etorkizuneko ekintzak aurreikusteko ere balio digute. Adibidez, erosleak erosketa aurretik izan duen jarrera aztertuz gero, gure online dendan erosteko duen probabilitatea zenbatekoa den jakin dezakegu.

Esperimentatzeko erremintek, bestalde, horiek probatzeko aukera ematen digute bat aukeratu baino lehen.

Lanerako erabiltzen ditugun erremintek ez digute jada plataforma bakar bateko informazioa eskaintzen. Plataforma ugariren datuak jasotzen dituzte, eta horrek datuak modu orokorrean aztertzeko aukera eskaintzen digu.

Azkenik, analistak teknikoki dituen beharren garrantzia azpimarratu digute. Garapeneko lankideen laguntza behar du, haren lanak eragin gehiago izan dezan.

Azken galdera bat elkarrizketa amaitzeko. Zein da analitika digitalaren etorkizuna?

Transformazio digitalaren beharraz kontzientziatu behar ditugu enpresak, eta hori zerbait bizia dela ezagutarazi. Askotan, honelako proposamen bat egiten denean, behin ezarri eta kitto, gehiagorik ez dela egin beharrik izango pentsatu ohi da. Baina ez da horrela, marketin digitala aldakorra baita, ez baita amaitzen eta berritu egin behar baita. Formazioa jaso, arriskuak hartu eta akatsak egin behar dira. Gauza berriak probatu, eta akatsak egiteko beldurrik ez izan.

Bide horri ekiteko prest dauden enpresek egoera pribilegiatua izango dute. Horretan lan egin dezaten kontzientziatu behar ditugu, eta horretan aritzen erakutsi.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilboko albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Google argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Enpresen albisteak Internet gaur