Teknologia -
sare sozialak
mastodon.eus, euskaldunak batu eta mundura euskaraz salto egiteko doako sare soziala
Software librea erabiltzen duenez, komunitate bakoitzaren esku daude datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera-arauak eta hizkuntza.
Agentziak | Erredakzioa
mastodon.eus, euskaldunak batu eta munduarekin harremanetan jarri nahi dituen sare sozial librea da. Interneteko euskal komunitateak sortu du, eta asteazken honetan, azaroak 21, aurkeztu dute. Twitter bezalako sare sozialen antza izan dezake, baina honakoa euskara hutsean garatu da.
Sortzaileek ohar baten bidez azaldu dutenez, dagoeneko bi milioi erabiltzaile baino gehiago dituen eta mundu mailan indarra hartzen ari den Mastodon sare sozialaren euskarazko instantzia da.
Software librea erabiltzen duenez, komunitate bakoitzaren esku daude datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera-arauak eta hizkuntza. Gainera, ez direnez erabiltzaileen datuak ustiatzen, ez dago publizitaterik.
Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude Mastodonen. Batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk, ordea, hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak.
Erabiltzaile bakoitzak izena zein instantziatan eman aukeratu dezake, eta mastodon.eus horietako bat da. Ondorengo erakunde hauen ekimenez abiatu da egitasmoa: PuntuEUS Fundazioa, Azkue Fundazioa, Dinahosting, Talaio Koop., Laborategia 2.0 eta Iametza.
Interneteko euskal komunitateak nabarmendu duenez, sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook, Instagram...) hizkuntza enpresa horien erabakien araberakoa da. Ildo horretatik, emandako atzerapausoak nabarmenak direla esan dute, izan ere, Twitterren euskara kendu dute, eta Googlek euskarazko iragarkiak debekatu ditu.
Mastodonen argitaratutako mezuei toot esaten zaie ingelesez. Momentuz, komunitateak euskarazko hitz bat adosten ez duen bitartean, horrelaxe deituko die. Sare sozial berrian 500 karaktere arteko toot-ak idatz daitezke. Gainera, toó-aren pribatutasun-maila erabiltzaile bakoitzak aldatu dezake.
Sare sozial zabalduenak bezala, mastodon.eus doakoa da.