Teknologia -

Trumpen gerra komertziala

Googlek betoa, Huaweiri: Bere sakelakoak, Androiden aplikazio eta eguneratzerik gabe

AEBko presidenteak konpainia txinatarra zerrenda beltzean sartu eta hiru egunera etorri da Googleren erabakia. Erabiltzaileek ezingo dute Android sistema eguneratu, ezta Gmail edo Youtube erabili ere.

Googleren egoitza nagusiaren kanpoaldea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Googleren egoitza nagusiaren kanpoaldea, artxiboko irudi batean
Googleren egoitza nagusiaren kanpoaldea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Googlek bertan behera utzi ditu Huawei konpainia txinatarrarekin zituen negozioen parte bat, hardwareari eta softwareari lotutako transferentzia behar dutenak, hain zuzen ere, Reuters albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera. Donald Trump AEBko presidenteak konpainia txinatarra "zerrenda beltzean" sartu eta hiru egunera etorri da Googleren erabakia.

Betoak Huaweiren sakelakoa edo tableta duten erabiltzaileei eragingo die zuzenean; izan ere, ezingo dituzte Googleren aplikazioak (Gmail, YouTube, Google Maps...) eguneratu. Horrez gain, oraindik merkaturatu ez diren gailuek ezingo dute Android sistema operatiboa erabili, ezta Google Play Store bezalako zerbitzuak edota Gmail edo YouTube aplikazioak ere. Konpainia txinatarrak kode irekiko lizentzia duen Android bertsioa baino ezingo du erabili.

"Huaweik Androiden bertsio publikoa erabili ahalko du bakarrik, eta debekatuta izango ditu Googleren aplikazio eta zerbitzuak", azaldu dio konpainiak Reutersi.

Telefono adimendunen munduko bigarren fabrikatzailea da Huawei (Samsung da liderra; Apple, hirugarrena). Espainiako Estatuan, baina, marka horretakoak dira gehien saltzen diren sakelakoak.

Betoak bere negozioan izango dituen ondorioak aztertzen ari da jada Huawei. Shenzhengo konpainiak urteak daramatza sistema eragile propioa garatzen.

Googlek ez ezik, AEBko prozesadore ekoizle nagusiek (Intel, Qualcomm, Xilinx eta Broadcom) ere, betoa jarri diote Huaweiri. Intel konpainia txinatarraren prozesadore hornitzaile nagusia da, Qualcommek prozesadoreak eta modemak ekoizten ditu Huaweirentzat, Xilinxek txip programagarriak egiten ditu, eta Broadcomek, kommutazio txipak.

Huawei

Huaweiren standa, Hannover hiriko azoka teknologikoan. Argazkia: EFE

Trumpen gerra komertziala

Donald Trumpen gobernuak larrialdi nazionala ezarri zuen asteazkenean AEBko telekomunikazio sareak babesteko. Agindu exekutibo baten bitartez Merkataritza idazkariari eskuduntzak eman zizkion atzerriko konpainiei betoa jartzeko. Aginduak ez zuen Huawei aipatzen, baina jakina zen jomugan izango zela. Handik egun batzuetara baieztatu zen mehatxua: Merkataritza Departamentuak Huawei sartu zuen "zerrenda beltzean".

"Zerrenda honetan dauden konpainia eta pertsonek lizentzia beharko dute AEBko teknologia eskura izateko. Lizentzia hori bertan behera geratuko da, AEBen segurtasun nazionala edo interesak arriskuan daudela frogatzen bada", azaldu zuen Departamentuak.

Arlo teknologikoan ez ezik, beste eremu batzuetan ere Txinaren kontrako gerra komertziala du abian Trumpek. Muga-zergak ezarri dizkio hainbat produkturi. Txinak ere antzeko neurriekin erantzun du.

5Garen norgehiagoka

Eremu teknologikoan 5G teknologiaren hedapena bihurtu da gudu zelai nagusia. Teknologia horri esker, 4Garekin baino 20 aldiz azkarrago nabigatu ahalko dugu, ibilgailu autonomoen garatzea azkartuko da eta ebakuntzak urruneko kontrolarekin egin ahalko dira

AEBen ustez, teknologia hori espioitzarako erabiltzen ari da Huawei. Pentagonoan, esaterako, erabat debekatuta dituzte marka horretako gailuak. Konpainia txinatarrak gezurtatu egin ditu akusazioak, eta salaketak helburu ekonomikoak baino ez dituela nabarmendu du.

AEBtik kanpora ere presio egiten ari da Trump, Europar Batasunari betoa ezartzeko eskatu dio behin baino gehiagotan. Izan ere, 5G konektibitatean munduko liderra da Huawei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Txina bideoak Google argazkiak Telefonia mugikorra albisteak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak