Teknologia -
Teknologia
Nagusitasun kuantikoa lortu duela esan du Googlek
Googleren ordenagailu kuantiko batek 200 segundo behar izan ditu ataza bat betetzeko; munduko ordenagailu konbentzionalik azkarrenak 10.000 bat urte beharko lituzke. IBMk baztertu egin du hori.
Agentziak | Erredakzioa
Googleren ordenagailu kuantiko batek 200 segundo behar izan ditu ataza jakin bat betetzeko; munduko ordenagailu konbentzionalik azkarrenak, baina, 10.000 bat urte beharko lituzke hori egiteko. Hala dio asteazken honetan Nature aldizkari zientifikoak argitaratutako artikulu batek. IBMk, baina, baztertu egin du Googlek hori erdietsi izatea.
Nagusitasun kuantikoaren erakustaldi hau, Natureko artikuluaren arabera, mugarria da konputazio kuantikorako; hori sistema informatikoa da, eta horren nahia da atazak ordenagailu klasiko konbentzionalak baino askoz ere azkarrago egitea, akats-tasa txikiarekin gainera.
Ordenagailu klasikoek ez bezala, ordenagailu kuantikoek bit kuantikoen sistema bat erabiltzen dute. Horiek kode bitarreko bi zifretan biltzen dute informazioa (alegia, 1ean eta 0an); ordenagailu klasikoek, aldiz, bitak erabiltzen dituzte, eta aukeratu behar dute zein zenbakitan bilduko dituzten datuak: 1ean, ala 0an.
Gainezarpena izena duen protokolo berri horren bidez, makina kuantikoek gaitasuna dute zailtasun handiko problemak ebazteko, eta datu-kopuru erraldoiak prozesatzeko.
Lortzeko urrats teknikoak
Kaliforniako Unibertsitateko Googleren konputazio kuantikoaren arduradun John Martinisek zuzendu du lana; bertan, zehaztuta dago zein urrats eman dituzten nagusitasun kuantikoa lortzeko.
Artikuluaren arabera, ikertzaileek 54 bit kuantikoko prozesadore bat egin zuten; prozesadore horrek gainezarpena eta elkarren arteko lotura kuantikoa baliatzen zuen, bit klasikoek hornitzen dutena baino askoz ere handiagoa den konputazio-gune bat esploratzeko.
Bit kuantiko batek ez zuen zuzen funtzionatu, eta, beraz, gailuak 53 bit kuantiko erabili zituen.
Taldeak akatsak zuzentzeko prozesuak garatu zituen, doitasun eragilea handia izan zedin.
Sistema probatzeko, zirkuitu kuantiko batek sortutako zenbaki aleatorioen laginketa-ataza diseinatu zuten. Prozesadoreak milioi bat lagin jaso zituen 200 segundotan; azken belaunaldiko ordenagailu batek 10.000 urte beharko zituen hori egiteko.
"Munduko ordenagailuek dituzten egungo algoritmo nagusien aldean ikusi dugun nagusitasun kuantikoaren erakustaldi hau lorpen benetan bikaina da", dio William Oliverrek, alegia, Massachusettseko Institutu Teknologikoaren Ingeniaritza Informatiko eta Fisikoaren Departamentuko ikertzaileak.
Oliverrek, Nature aldizkariko ale berean, artikulu bat idatzi du, "Konputazio kuantikoa hazten hasi da"; bertan, ikertzaileak dio lan handiagoa egin behar dela, ikerketan, ordenagailu kuantikoak errealitate praktiko izan baino lehen.
IBMk ezeztatu egin du
IBM konpainiak, nolanahi ere, ezeztatu egin du Googleren gailuak nagusitasun kuantikoaren muga gainditu izatea; ziurtatu duenez, gaitasun du emaitza horiek errepikatzeko, ordenagailu klasiko oso aurreratuak erabiliz, 2,5 egunetan (Googleren ikertzaileek diote 10.000 urte beharko liratekeela). IBMk, horrez gain, dio "doitasun askoz ere handiagoarekin" egin dezakeela.
Nagusitasun kuantikoaren kontzeptua John Preskill fisikari teorialari estatubatuarrak proposatu zuen 2012an; deskribatzen du puntu jakin bat, alegia, ordenagailu kuantikoek ordenagailu klasikoek egiterik ez duten atazak betetzeko gaitasuna duten puntua.