Itxi

2020/05/12

11:57

Teknologia

Koronabuloak

Twitterrek abisuak jarriko ditu koronabirusari buruzko eduki faltsuetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Etiketen bidez jakinaraziko ditu "COVID-19arekin lotutako informazio kaltegarriak", manipulatutako multimedia edukiekin egiten duen legez.

  • Erabiltzaile bat Twitterren nabigatzen bere mugikorrarekin.

    Twiterrek koronabirusari buruzko eduki kaltegarriak baztertu nahi ditu. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Twitter sare sozialak astelehenean iragarri zuenez, hemendik aurrera erabiltzaileei ohartarazpenak agertuko zaizkie COVID-19ari buruzko informazio faltsua edo engainagarria duen eduki baten aurrean egonez gero; hain zuzen ere, erabiltzaileek abisu bat ikusiko dute eduki susmagarri horien azpian. Horrez gain, Twitterrek uste badu eduki jakin horretan agertzen den informazioa are larriagoa dela, ezkutatu egingo du, eta muturreko kasuetan, baita ezabatu ere.

Hala, inteligentzia artifizialak edo Twitterreko giza egiaztatzaileek zein haien enpresa elkartuek "kaltegarria" izan daitekeen koronabirusari buruzko edukia atzematen badute, engainagarria delako edo dagoeneko gezurtatua izan delako, egiaztatutako informaziorako esteka bat gehituko diote eduki horri, "Informa zaitez COVID-19aren gertakariez" oharrarekin.

Eduki horiek kaltea eragiteko ahalmen "larria" badute, ezkutatu egingo dira, eta horien ordez honako beste mezu hau azalduko da: "Txio honetan partekatutako edukiaren zati bat ez dator bat osasun publikoko adituek COVID-19ari buruz emandako jarraibideekin". Hala gertatzen denean, erabiltzaileak espresuki eskatu beharko du jatorrizko edukia ikusi nahi duela.

Alerta mekanismo hori astelehen honetan, maiatzak 11, aktibatu zen. Hala ere, Twitterrek bere blog ofizialean ziurtatu zuenez, prozedura berri hau martxan jarri aurretik argitaratu ziren txioei ere aplikatuko zaie.

Aipatu funtzionamendua ez da berria; izan ere, enpresa otsailetik ari da erabiltzen bere sare sozialean agertzen diren "multimediazko eduki sintetiko eta manipulatuekin". Oraingo honetan, COVID-19ari buruzko informazioetan hasiko da aplikatzen aipatu sistema, eta, etorkizunean, gainerako edukietara zabaltzeko asmoa dauka.

Koronabirusaren pandemiak areagotu egin du Twitterren, Facebooken, Instagramen edo YouTuberen gainean zegoen presio politiko eta soziala, bertan partekatzen diren edukiak moderatzeko eta albiste faltsuen eta konspirazio-teorien hedapena saihesteko.

EiTBk, koronabirusaren inguruan sortzen diren faltsuei aurre egiteko asmoz, #Koronabuloak ekimena jarri du martxan, eta egitasmo horretan Radio Euskadiko La Mecanica del Caracol programan parte hartzen duen komunitate zientifikoa, EiTBk Maldita.es webgunea (Maldito Bulo atalaren bidez) eta VOST Euskadi elkartea (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ditu bidelagun.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;