Teknologia -
Google Wallet
Mugikorraren bidez ordaintzeko sistema estreinatu du Googlek
Oraingoz, Nexus S telefonoaren erabiltzaileek soilik erabili ahal izango dute zerbitzua.
Erredakzioa
Google Wallet erabiltzaileek euren erosketak mugikorrarekin ordaindu ahal izateko sistema laster estreinatuko dute. Filtratu duten Googleren dokumentu baten arabera, irailaren 19tik aurrera erabilgarri egon daiteke. Konpainiak maiatzean eman zuen Google Walleten berri, baina zerbitzua ez zegoen erabiltzeko moduan. Oraingoz, Nexus S telefonoaren erabiltzaileek soilik erabili ahal izango dute zerbitzu berria. Near Field Communication teknologia erabilita (gailuen arteko irismen txikiko konexioak onartzen ditu), erabiltzaileek euren erosketak mugikorra erabilita ordaindu ahal izango dituzte. Zerbitzu mota honen alde gehien egin duen konpainia izan da Google; baina ez bakarra, besteak beste, PayPalek horrelako zerbait lortzeko proiektuak dituela esan baitu.
Zerbitzua irailaren 19an estreinatzea ez litzateke kasualitate hutsa izango. Nahiz eta Googlek prentsari ekitaldi berezi baterako hitzordurik ez eman, hain zuzen gaur, irailak 19, NFC World Congress, Google Walletek erabiliko duen teknologiaren inguruko ekitaldia, hasiko da.
Datozen orduetan sistema martxan jarriko duela baieztatuz gero, Googlek zerbitzuari buruzko datu gehiago emango lituzke, besteak beste, beste mugikorretan noiz egongo den erabilgarri eta zein herrialdetan.
Google Chrome 14, erabilgarri
Enpresak Google Chrome nabigatzailearen 14. bertsio ofiziala laster aterako duela adierazi du; dagoeneko bertsio egonkorra erabilgarri dago. Beta martxan jarri eta hilabetera esan du hori Googlek. Chrome 14aren berrikuntzen artean, Interneteko aplikazioak eta "potentzia handiagoa duten" jokoak sortzeko aukera emango duten teknologiak daude, konpainiaren arabera.