Teknologia -
Pirateria
Eduki digitalen % 77,3 legez kontrako kopiak dira
Eduki Digitalen Pirateriaren eta Kontsumo Ohituren Behatokiaren arabera, 100 abestitatik bi eta liburuen erdiak bakarrik jaisten dira legea urratu barik.
Erredakzioa
Legez kontrako deskargek egiten jarraitzen dute Espainian eta, hori dela eta, gaur egun eduki digitalen % 77,3 legez kanpoko kopiak dira. Eduki Digitalen Pirateriaren eta Kontsumo Ohituren Behatokiak zabaldutako azken datuen arabera, 100 abestitatik bi eta liburuen erdiak bakarrik jaisten dira legea urratu barik.
Sortzaile eta Edukien Industrien Koalizioaren eskariari erantzunez, Jabetza Intelektuala Babesteko Fundazioak egin duen ikerketan jasotako datuetako batzuk dira. Jose Manuel Tourne zuzendariak gaur bertan aurkeztu ditu txosten horren emaitzak.
Datu horien arabera, 2011ko lehen sei hilabeteetan pirateria tasak % 0,4 egin zuen gora eta legez kanpo deskargatutako edukien kopuru ekonomikoa 5.229,4 milioi eurokoa izan zen, legeak ezartzen duen moduan jaitsitako edukien balioaren ia laukoitza.
Legezko negozioak % 0,5eko beherakada izan zuen hilabete horietan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, Espainian eduki digitalen negozio bolumenak 1.538,1 milioi euro egin baitzuen behera.
Tourneren esanetan, "Sinde Legeak" garatuko duen Araudia indarrean sartzeko izan den atzerapenak eragin du pirateriaren gorakada hori. Legea indarrean sartzen denean, baina, epaileek edukiak legez kanpo jaisteko aukera ematen duten webguneak itxi ahalko dituzte. Dena den, Estatuko Kontseiluan kontsulta-tramitean dago.