Teknologia -

TXIKIPEDIA

Txikipediaren edukiak esku-eskura mugikorreko aplikazioari esker

Eragile desberdinek lankidetzan, haur eta gaztetxoentzat berariaz sortutako 3.000 eduki ditu gaur egun Txikipediak, haurrentzako euskarazko Wikipediak.

Txikipedia
Txikipedia
Txikipedia

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzada berria eman diote Txikipediari, eta duela bi urte haur eta gazteei zuzendutako euskarazko Wikipediaren webgunea sortu ondotik, Android eta iOS-erako aplikazioaren bitartez ere kontsultatu ahal izango dira gaurtik aurrera Txikipediako edukiak. Code Syntax-ek garatu duen aplikazioa 8 eta 12 urte arteko ikasleentzako tresna pedagogiko garrantzitsua izatea lortu nahi da.

Gaur Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin den aurkezpenean parte hartu dute Hizkuntza Politikoko sailburuorde Miren Dobaranek, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Galder Gonzalez Larrañagak eta CodeSyntax-eko Luistxo Fernadezek eta, azaldu dutenez, Txikipedia haur eta gaztetxoentzat baliabide interesgarria da, “beraien egunerokoan sortzen diren galderei erantzuten” laguntzen duena. Gurasoei ere laguntzen die, bereziki prestatutako materiala biltzen duelako eta etxeko lanetan laguntzen duelako.

Hazten ari den proiektua da, gainera, Txikipedia, gero eta eskola gehiagotan ari baitira artikuluak sortzen klaseko ariketa gisa. Azaldu dutenez, 3.000 artikuluen muga gainditu du dagoeneko, “haur eta gaztetxoentzat sortutako 3.000 eduki, horietako asko ikasleek eurek sortuak”.

Azken urtean 553.000 ikustaldi metatu ditu Txikipediak, egunero bataz beste 1.500 ikustaldi, beraz. 2019arekin alderatuz gero, bisitaldiak %55 igo direla azpimarratu dute sustatzaileek; orduan 355.000 izan ziren ikustaldiak guztira, egunean 968.

Lankidetza oinarri

Wikipediaren ezaugarri nagusia da erabiltzaileek elikatu eta osatutako entziklopedia dela. Euskarazko Wikipediak hazkunde nabarmena izan du azken urte gutxian; existitzen diren 320 wikipedien artean, 32. postuan dago artikulu kopuruari dagokionez. Europako hainbat hizkuntza ofizialen gainetik dago artikulu kopuruan, tartean greziera, daniera edo estoniera baino hobeto.

Artikulu kopurua bikoiztu baino gehiago egin da proiektua hasi zenetik (%138) eta 372.000 artikulu ditu gaur egun. Euskarazko Wikipedia indartzeko beharrezkoa da askotariko erakunde eta agenteren lankidetza; hain zuzen ere, azpimarratzekoa da hezkuntza sektorearekin izandakoa. Ikasleek behar dituzten 2.000 gai identifikatu ziren, eta gai horiek jorratzen hasi ziren unibertsitateko ikasle, irakasle eta wikilariak. Unibertsitateko ikasleek, tarte honetan, bost milioi hitz gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari eta ehunka Txikipediako artikulu sortu dituzte jada.

Adituek diotenez, pandemia garaian argi ikusi zen euskarazko edukiak bilatzeko “on-line erreferentziak beharrezkoak” direla eta iazko martxotik aurtengo otsailera 129 milioi orrialde zerbitzatu dira euskaraz, aurreko urtean baino %34 gehiago.

Hezkuntza Ataria

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen lankidetzatik aurten, irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituen Hezkuntza Ataria ere sortu da. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan Wikipedia erabilita egin daitezkeen ariketa sorta handia biltzen du, baliabide pedagogikoekin eta bideo tutorialekin. Momentuz garatze eta osatze bidean dagoen ataria da, baina etorkizunean hezkuntzan elkarlanak egiteko baliabide nagusia izatea du helburu.

3 klubaren lehiaketa

EITB ere Txikipediaren sustapenari gehitu zaio eta 3 klubak galdera-erantzunen lehiaketa egin du hil honetan; proposatutako galderei erantzun zuzena ematen zietenen artean mahai-jolasen bi sorta zozketatu ditu. Galderen erantzuna Txikipedian bilatzera animatu dituzte parte-hartzaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Interneteko berritasunak