Teknologia -
MUGIKORRAK
EBk kargagailu mota bakarra ezarriko die gailu elektronikoei 2024ko udazkenetik aurrera
Kargagailu unibertsala USB-C motatakoa izango da. Lege honen helburua Europar Batasuneko zabor elektronikoa murriztea da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Parlamentuko eta Estatu kideen negoziatzaileek adostu dute 2024ko udazkenetik aurrera USB-C kargagailu bakarra ezarriko dela Europar Batasunean. Data horretatik aurrera, kargagailu unibertsal berbera behar izango da hamabost gailu elektronikorako, mugikorrak, tabletak, kamera digitalak, entzungailuak eta bideo-jokoen kontsolak barne.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren osoko bilkurak erabaki formala uda ondoren hartzea aurreikusi da. Arau berriak 24 hilabete geroago sartuko dira indarrean, 2024ko udazkenean, hain zuzen ere.
Halaber, ordenagailu eramangarrietarako kargagailu unibertsala derrigorrezkoa izango da, baina geroago ezarriko da. Europako erakundeek arauak indarra hartzen duenetik 18 hilabeteko epe gehigarria aurreikusi dute, sektoreari egokitzeko behar beste denbora emateko.
Akordio honen helburuetako bat da Europar Batasuneko zabor elektronikoa murriztea.
EBko datuen arabera, urtean 11.000 eta 13.000 tona hondakin elektroniko sortzen dira Europar Batasunean. Horien arabera, kargagailu bakarrarekin, europarrek 250 milioi euro inguru aurreztu ahal izango dituzte beharrezkoak ez diren karga-soluzioetan.
Astearte honetako bileran beste berrikuntza batzuk ere adostu dira, besteak beste karga-aukerei buruzko informazioa eta etiketatze argia ematea, eta etiketatze horretan produktua kargagailuarekin datorren adieraztea.