Teknologia -

Sare soziala

Elon Muskek Twitterren erosketa gauzatu eta zuzendari nagusiak kaleratu ditu

Trumpek, sare sozialetik kanporatuak, ospatu egin du albistea, orain konpainia "pertsona zentzudun baten esku" egongo delako, eta "ez ezker muturreko zoroenean". EBk ohartarazi du Twitterrek arau europarrak errespetatu beharko dituela.

Elon Musk Twitterren jabe berria. Argazkia: Efe
Elon Musk Twitterren jabe berria. Argazkia: Efe
Elon Musk Twitterren jabe berria. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elon Musk Teslaren eta SpaceXen kontseilari ordezkariak Twitterren erosketa itxi du gaur 44.000 milioi euroren truke, eta zuzendari nagusiak kaleratu ditu lehenengo neurri gisa.

Hori horrela, akziodunek 54,2 dolar jasoko dituzte akzio bakoitzeko, eta Twitter enpresaburuaren eskuetan geratuko da.

"Adierazpen askatasun zabalagoa" hitzeman du jabe berriak, eta horren harira, baztertu egin du sare sozialaren politikak urratzen dituztenak betiko kanporatzea.

Donald Trump AEBko presidente ohia da kanporatuetako bat, eta ospatu egin du Musken erosketa, orain konpainia "pertsona zentzudun baten esku" geratu delako, "ezker muturreko zoro batzuen" esku egon ostean.

Trumpek "horrenbesteko kaltea egin duten kontu faltsuak eta automatikoak kentzeko lan egitea" eskatu dio Muski. Bere ustez, horrela Twitter "txikiagoa, baina hobea" izango da.

Izan ere, Teslaren kontseilari ordezkariak sare sozialean dauden kontu faltsuen kopurua eskatu zuen, horiek atzemateko eta ezabatzeko moduaz galdetzearekin batera.

Horregatik, sare sozialaren kudeaketarekin oso haserre zegoenez, Parag Agrawal Twitterren zuzendaria eta beste bi goi-kargudun kaleratu ditu konpainia bere egin eta segituan, CNNk jakitera eman duenez.

Hala ere, Muskek atzera egin zuen atzo, eta iragarri zuen ez zuela langileen % 75 kaleratuko.

Ozeanoaren beste aldetik, Thierry Breton Europar Batasuneko Barne Merkatuko komisarioak ohartarazi dio Twitterren "txoriak" EBko legeen arabera egin beharko duela "hegan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Twitter Ameriketako Estatu Batuak albisteak Lana berriak Sare sozialak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak