Teknologia -

Barakaldo

Euskal Encounter 31 topaketak komunitate digital erraldoi bat elkartuko du BECen

Bertaratzen direnek 30 tailer eta hitzaldi baino gehiago izango dituzte gozagai uztailaren 22tik 25era bitartean, beste jarduera ugarirekin batera.

Topaketaren aurreko edizioaren irudia. Argazkia: Euskal Encounter
Topaketaren aurreko edizioaren irudia. Argazkia: Euskal Encounter
Topaketaren aurreko edizioaren irudia. Argazkia: Euskal Encounter

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Encounter 31 topaketak teknologia berrien zaleak bilduko ditu BECen. Komunitate digital erraldoi bat elkartuko da bertan uztailaren 22tik 25era, eta 150 jarduera baino gehiago gauzatuko dira lau egunetan zehar. 96 orduz jarraian, prestakuntza-ekintzak, lehiaketak eta ekintza solidarioak izango dira, besteak beste, Barakaldoko azoka-barrutian. Ekimena gisa honetako hitzordu nagusia da Estatu mailan, tamainari, parte-hartzaile kopuruari eta beteranotasunari dagokienez.

Programatutako 30 tailer eta hitzaldi baino gehiagotan gaurkotasun teknologikoarekin lotutako gaiak jorratuko dira, hala nola adimen artifiziala, Gauzen Interneta, zibersegurtasuna edo bideojokoen sektorea. Ekintza horiek doakoak dira interesa duen edonorentzat, ez soilik topaketako parte-hartzaileentzat.

Euskal Encounter topaketak ohiko atalak ere hartuko ditu, hala nola sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta beste jarduerak, programazio ludikoena biltzen duen arloa.

Euskal Encounter-eko partaideek aukera izango dute sormen digitaleko lehiaketetan parte hartzeko, baita dozenaka bideojoko txapelketetan eta software libreko lehiaketetan ere. Teknologia berrien festa honen beste une deigarrienetako bat Cosplay lehiaketak izango dira; Runway eta Contest. Larunbat honetan izango dira biak, arratsaldez. Edizio honetan, gainera, euskal informatikaren festak streaming eremu bat izango du berriro, mundu digitalean hedapen handia duen sektore honetako eduki sortzaileek ere euren lekua eduki dezaten bilkuran.

Opengunean, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte, eta Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak gune bat izango du, parte-hartzaile eta bisitari solidarioenen lankidetza bilatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia gaur Euskal hiriburuak Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa BEC argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskal Encounter