Teknologia -

AA

Adimen artifiziala arautzeko munduko lehenengo legea onartu du Europar Batasunak

Identifikazio biometrikoaren erabilera da puntu garrantzitsuenetako bat, adimen artifizial generatiboarekin batera.

Adimen artifizialdun robota. Argazkia: Efe
Adimen artifizialdun robota. Argazkia: Efe
Adimen artifizialdun robota. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko erakundeek adimen artifiziala arautzeko lehenengo legea onartu dute bart, teknologia horren segurtasuna bermatzeko eta industria europarra sustatzeko Txinaren eta AEBren aurrean.

"EBren adimen artifizialaren inguruko legea aitzindaria da munduan. Lege eremu paregabea eta konfiantzazkoa izango da adimen artifiziala garatzeko", adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak X sare sozialean.

Akordioa 36 orduko negoziazioen ostean iritsi da, baina Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren oniritzia behar du oraindik.

Zaintza

Negoziazioetako puntu gatazkatsuenetako bat identifikazio biometrikoa egiten duten kameren erabilerari buruzkoa izan da, segurtasun indarrek noiz eta nola erabil dezaketen erabakitzea, alegia.

Hala, baimen judiziala beharko da mehatxu terroristen aurrean kamera horiek erabiltzeko, eta mehatxuak "presente" egon beharko du.

Terrorismo, pertsonen trafiko, sexu esplotazio eta ingurugiroaren aurkako delituak egin dituztenak eta horien guztien biktimak identifikatzeko ere erabili ahalko dira kamera biometrikoak.

Gobernuek delituen zerrenda luzatu nahi izan dute negoziazioetan, baina Euroganberak mugatu egin du, ahal zuen heinean, oinarrizko eskubideak errespetatze aldera.

Debekatutako sistemak

Teknologia hori ezingo da erabili, berriz, ideologia politikoaren, erlijioaren, arrazaren edo sexu joeraren arabera kategorizazio biometrikoa egiteko.

Era berean, ezingo dira erabili pertsonak beren portaeraren edo ezaugarri pertsonalen arabera puntuatzen dituzten sistemak, ezta giza portaera manipulatzeko gai den adimen artifiziala ere.

Halaber, debekatuta egongo dira Internet bidez edo ikus-entzunezko grabazioen bidez datuak bereizi gabe hartuz aurpegiko datu baseak sortzeko edo hedatzeko sistemak. Gainera, lantokietan edo eskoletan ere debekatuta egongo dira emozioak antzeman ditzaketen adimen artifizialeko sistemak.

AA generatiboa

Negoziazioen beste gai nagusia adimen artifizial generatiboaren sistemak arautzea izan da, horietan oinarritzen baitira OpenAI enpresaren ChatGPT eta Googleren Bard ereduak, besteak beste.

Gardentasun irizpideak bete beharko dituzte, testu bat agertu beharko da, adibidez, abesti bat edo argazki bat adimen artifizialaren bidez sortu dela zehazteko eta sistemak entrenatzeko erabili diren datuek egile eskubideak errespetatzen dituztela bermatzeko.

Hasieran, legea ez zegoen pentsatuta sistema hori arautzeko, oraindik ez zirelako ezagunak Bruselak 2021eko apirilean legea proposatu zuenean, baina Europar Batasuneko erakundeek lege horiek egiteko beharra ikusi dute iaz ChatGPT puri-purian jarri zenetik.

AAren Europako Bulegoa

Legeak Adimen Artifizialaren Europako Bulegoa sortzea aurreikusten du. Bulego horrek agintari nazionalen artean koordinatuko du teknologiaren erabilera, eta zientzialarien eta gizarte zibileko erakundeen talde batek aholkatuko du.

Legea 2026an sartuko da indarrean, aurreikuspenen arabera, baina faseka aplikatuko da: Europako Bulegoa berehala sortuko da, adimen artifizialeko sistema debekatuen inguruko neurria sei hilabetera iritsiko da, eta AA generatiborako baldintzak, 12 hilabetera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Inteligentzia artifiziala