Teknologia -

sare sozialak

EBk Meta ikertuko du Instagramek eta Facebookek adingabeen artean adikzioa sustatzen dutelakoan

Bruselak arau-hauste prozedura abiatu du erraldoi teknologikoaren kontra. Batzordeak zalantzak ditu Metak "nerabeen zerbitzu digitalen legean zehaztutako betebeharrak betetzeko nahikoa egin ote duen".

Instagramek eta Facebookek adina egiaztatzeko kontrola zelan egiten duten egiztatu nahi du Bruselak.
Hainbat neska nerabe sakelakoari begira.
Instagramek eta Facebookek adina egiaztatzeko kontrola zelan egiten duten egiztatu nahi du Bruselak.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak (EB) arau-hauste prozedura abiatu du Meta konpainiaren kontra uste baitu Facebook eta Instagram sare sozialek adikzioa sustatzen dutela adingabeen artean, eta enpresak ez duela hori saihesteko nahikoa neurri hartu. 

"Ez dugu argi (Meta enpresak) zerbitzu digitalen legean zehaztutako betebeharrak betetzeko nahikoa egin ote duten Facebook eta Instagram sare sozialetan, hau da, gazte europarren osasun fisiko eta mentalean izan ditzakeen ondorio negatiboen arriskuak saihesteko nahikoa neurri hartu dituen", esan du gaur Thierry Breton Barne Merkatuko Europako komisarioak. 

2023ko irailean Meta konpainiak Batzordeari bidalitako behin-behineko txostena irakurrita hartu du ikertzeko erabakia Bruselak, baina baita EBk egindako galderei Mark Zuckerbergen enpresak emandako erantzunak kontuan hartuta ere. 

Batzordeak hiru arlo "sakon" aztertuko dituela azaldu du. Batetik, bi plataformen mendekotasunerako arriskua ikertuko du. Bigarrenik, erabiltzaileen adina egiaztatzeko dituzten mekanismoak eraginkorrak ote diren egiaztatu nahi du. Azkenik, edukiak gomendatzeko orduan adingabeei pribatutasun eta segurtasun nahikoa eskaintzen zaien ere aztertuko dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Teknologia Nazioartea Europar Batasuna Brusela Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Instagram Umeak