cerrar buscador

EITB Jaia; EITBk urtero antolatzen duen elkartasun eta jai giroko ekitaldia

EiTB Jaia 2019

11:55

EiTB Jaia 2019

EiTB Jaia

EiTB Jai erraldoia gaur, Barakaldoko BECen

EiTB

Aurten haur minbizia ardatz duen EiTB Maratoiari babesa eskainiko dion jaiak publiko guztientzako programazio zabala izango du: Hiru3 Jaia, Ene Kantak, 'Go!azen 6.0', 'Oholtzan' eta Imagin Gaztea.

  • EiTB Jaiaren aurkezpeneko parte hartzaileak BECen

    EiTB Jaiaren aurkezpena. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EiTB Jai erraldoia ospatuko da larunbat honetan (urriak 12) Barakaldoko BECen. EiTB Taldeak urtero antolatzen duen ekimena da hau: 14 orduko festa, euskaraz, goizetik gauera arte. Aurten, gainera, izaera sozial berezia izango du, EiTB Maratoiarekin bat egingo baitu jaiak. Hala, egun osoan zehar izango diren jardueretan bildutako dirua haur minbizia ikertzera bideratuko da. 

EiTB Jaia atzo, ostirala, aurkeztu zuten prentsaurrekoan Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, zenbait parte-hartzailek eta babesleetako batzuek: Elena Abando, Caixabankeko Erakunde zuzendaria Bizkaian; Izartza Zorrozua, Euskalteleko ordezkaria; Iñaki Ruiz, Laboral Kutxako Publizitate zuzendaria, eta Patxi Berreteaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileen Prebentzio ataleko burua. 

Halaber, honako hauek ere egon ziren aurkezpenean: Karmele Larrinaga eta Nikola Zalduegi 'Go!azen'eko aktoreak, Izaro kantaria, Belako taldeko Josu Ximun, Rural Zombieseko Julia Urreaga eta Marcos Perez, Puro Relajoko David eta Jorge Garcia, Los Txikiseko Angel Barrena, Prudencio Arrieta eta Alejandro Bernal, Aresti Dantza Eskolako Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas, eta Jon Gomez aurkezlea. 

Urtero bezala, programazio eskaintza zabala izango du EiTB Jaiak publiko guztientzat: haur eta senide, nerabe, eta gazte eta helduentzat. Hala, lau ekitaldi handi izango dira egunean zehar, guztiak BECen eta adin-tarte bakoitzari egokituta. Jon Gomez eta Zuriñe Hidalgo izango dira gaztetxoenei zuzenduta goiz eta arratsalde partean izango diren ekitaldien aurkezleak. 

Hiru3 Jaia, ekitaldiz betea, eta Ene Kantak taldearen emanaldia 

BECeko 2. pabiloian 11:00etan hasi eta 17:00ak arte iraungo duen jaiak sarrera librea eta doakoa izango du. Familiei zuzendutako hainbat gune izango ditu, ikuskizun, musika emanaldi, sari eta sorpresa ugarirekin. 

Guztira, 10.000 metro karratu hartuko ditu, eta txikientzako eskaintza zabala izango da bertan: tailerrak, ludoteka, puzgarriak, pista amerikarra, laser labirintoa, sormen eta atsedenerako guneak, Fan Zonea (telebistako marrazki bizidun ezagunenekin) eta ikuskizunen gunea. Guztira, 20 gune jarduera eta ikuskizun ugari eskaintzeko, etenik gabe. Izan ere, 'Ene kantak' taldeak emanaldia eskainiko du bertan. 

Bestalde, Hiru3 komunitateak ere bere txokoa izango du, eta Hiru3 klubeko kide egiteko aukera izango dute bertara joaten direnek. 

Indarrak hartzeko, jateko gunea ere atonduko dute, mahai eta aulki eta guzti. Gune horretan, hainbat food truck egongo dira, etxetik janaria eraman ez duten guztientzat. Horrez gain, edoskitze gunea izango dute familiek, eta txikienentzako ludoteka

Honako erakunde eta enpresek babestuko dute Hiru3 Jaia: Caixabank, Euskaltel, Bizkaiko Foru Aldundia, Zeuk Esan (Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren haurrei eta nerabeei laguntzeko zerbitzua), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailaren Euskara, bihotzetik ezpainetara kanpaina eta Ibaizabal argitaletxea. 

Hiru3 Jaiaren unerik onenak biltzen dituen saio berezia datorren urriaren 20an izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 15:30ean. 

3.000 lagun 'Go!azen 6.0'ren aurrestreinaldian

'Go!azen 6.0' denboraldi berriaren aurrestreinaldia 4. pabiloian (CUBEC! aretoan) izango da, 17:30ean. 3.000 lagun bilduko dira proiekziora, eta sarrerak agortuta daude jada. 

'Go!azen 6.0' telesailaren denboraldi berria udazkenean hasiko da ETB1en, aktore berriekin

Larunbateko ekitaldiaren bidez, EiTB Maratoiari ekarpena egingo zaio, aurrestreinaldiko sarreren zati bat haur minbizia ikertzera bideratuko baita. 

'Go!azen'en aurrestreinaldia, berebat, honako babesleek egingo dute posible: Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Zeuk Esan haurrei eta nerabeei laguntzeko zerbitzua, Euskaltel, Laboral Kutxa eta Mahi-Mahi. 

'Oholtzan' bereziaren grabazioa 

EiTB Jaiaren baitan, festa berezia ospatuko du 'Oholtzan'ek: Los Txikis, Bankako Menditarrak eta Puro Relajo taldeek emanaldia eskainiko dute BECeko 2. pabiloian 20:30ean hasita. Sarrera doakoa izango da. 

Hala, 2019ko EiTB Jaian 'Oholtzan' saioaren grabazio berezia egingo da (ETB1en ikusgai izan ohi da 'Oholtzan', larunbat gauero). Bertan, Los Txikis, Bankako Menditarrak eta Puro Relajo taldeekin batera, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Koruko eta Atarrabiako Paz de Ziganda Helduen Abesbatzako kideek abestuko dute, eta Aitor Mendiluze bertsolaria eta Jaione Olazabal abeslaria ere izango dira taula gainean. Dantza-taldeak ez dira faltako hitzordu berezi honetan: Andoni Aresti Dantza Eskolako kideak eta Jose Mari Orbegozo Dantzaki eskolako dantzariak, besteak beste. 

Ilaski Serranok eta Ibon Fernandezek aurkeztuta, gaua dantzaz eta doinuz jantziko dute guztiek: bertsoak, abesti tradizionalak, mariatxiak, bilbainadak, euskal dantzak… Larunbat gaueko ikusleek ondo dakiten bezala, abestea, dantzatzea eta ondo pasatzea da asmoa. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Caixabankek lagunduko dute 'Oholtzan' jaialdia.  

Imagin Gaztea musika jaialdia, Rural Zombies, Izaro eta Belakorekin

Imagin Gaztea kontzertuarekin bukatuko da aurtengo EiTB Jaia BECen, 22:00etatik aurrera. Gazteako Ainhoa Etxebarria kazetariak aurkeztuko duen jaialdian, hiru talde izango dira CUBEC aretoko taula gainean: Rural Zombies, Izaro eta Belako. Gaztea irratiak antolatutako kontzertuak dira, Caixabankeko imaginBank-en babesarekin. 

Sarrerak salgai daude EiTB Jaiaren webgunean, baita larunbatean bertan BECeko txarteldegian ere. Kasu honetan ere, bildutako diruaren zati bat EiTB Maratoirako izango da.  

EiTB Maratoiaren alde 

Aurtengo EiTB Jaiak haurren minbizia ardatz izango duen EiTB Maratoiaren alde batuko ditu indarrak. Hartara, 'Go!azen'en aurrestreinaldiko sarreretatik (bi heren) eta Imagin Gazteako sarreretatik (bakoitzeko hiru euro) egingo den dohaintzarekin batera, pintxo eta edari solidario bat hartuz, erakusketa solidarioa bisitatuz, EiTB Maratoiko produktuak erosiz eta dirua emanez babestu ahal izango da elkartasun kanpaina. 

EiTB Maratoia indarberrituta dator aurten, eta datozen hilabeteetan hainbat ekintza izango dira gaitz honen inguruan informazioa zabaldu eta ikerketarako dirua biltzeko. EiTB Jaia horietako bat izango da.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.