EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Inbestidura
200 gonbidatu inguruk ikusminez jarraitu dute inbestidura saioa
Dozenaka politikarik eta hainbat gizarte taldek, horien artean, Kaleratzeak Stop eta Martxoaren 3ko Biktimak elkarteak eta Laminaciones Arreguiko langileak, jarraitu dute saioa.
Erredakzioa
200 gonbidatu eta 100 kazetari inguruk ikusminez jarraitu dute Iñigo Urkulluren inbestiduraren lehen saioa.
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea Legebiltzarreko hizlari gisa estreinatu da, aldez aurretik prestaturiko "power point" tresna erabiltzeko aukerarik gabe. Hautagai goiztiarrena izan da; 08:55eean iritsi da, saioa hasi baino ordu erdi lehenago.
Legebiltzarreko atean dozenaka argazkilari eta kazetari egon dira eguneko protagonisten iritsieran zain.
Ikusmin handiena Iñigo Urkullu hautagai jeltzalearen sarrerak izan du eta Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailearekin batera iritsi da.
Une horretarik aurrera, gonbidatuak sartzen hasi dira. 200 politikari baino gehiagok Ganberako palkotik jarraitu dute saioa.
Palko nagusian, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Juan Maria Atutxa Legebiltzarreko presidente ohia egon dira, besteak beste.
Halaber, Josu Erkoreka Kongresuan EAJk duen bozeramailea, Unai Ziarreta eta Asun Fernandez de Garaialde (Bildu), Tontxu Campos eta Anjeles Iztueta sailburu ohiak (EA) eta Gonzalez Saenz de Samaniego (EAJ) ere egon dira.
Urkulluren senitartekoak ez dira gaurko saioan egon, baina bihar egotea aurreikusten da, Legebiltzarreko iturrien arabera.
Hainbat gizarte erakundeetako ordezkariak ere bertan izan dira. Martxoaren 3ko biktimak, Kaleratzeak Stop, Frackin eZ, Eginaren Eginez, Herrira, Bilgune Feminista eta Laminaciones Arregui eta Vitoria 010 enpresetako langileak ere egon dira, hauek guztiak EH Bilduk gonbidatutakoak.
Legebiltzarraren kanpoaldean, Alestis, Laminaciones Arregui, Esmaltaciones eta CAF enpresetako langileek protesta egin dute; izan ere, lan erregulazio txostenen mehatxupean daude langileok.