EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Elkarrizketa 'Ganbara' saioan
Pastor: 'Gaur gaurkoz zaila da akordiorako aukerak aurreikustea'
PSE-EEko bozeramaileak aurreratu duenez, sozialistak prest daude akordioak lortzeko ''alderdi guztiekin'' hitz egiteko.
Akordioak lortzeko sozialistak EAJrekin hitz egiteko prest daudela berretsi du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, baina, ''gaur gaurkoz'' akordiorako aukerak aurreikustea ''zaila'' dela aitortu du. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioan Urkulluk egindako hitzaldiaren ''zehaztasun falta'' azpimarratu du.
''Atzo ematen zuen Urkullu denekin ados zegoela. Zehaztasun faltak ahalmen hori du. Desabantaila zera da: Sakontzerakoan desadostasunak agerian geratzen direla'', esan du Pastorrek Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan.
''EAJk Legebiltzarrean duen ahultasunak akordio politikoak bilatzera bultzatzen du'', gaineratu du, eta, asteazken honetan Urkulluk PSEri 2013ko Aurrekontuetan inplikatzeko egindako gonbidapenaz ere aritu da. Sozialistei egindako ''keinu biziago'' horrek ez du egoera aldatzen, Pastorren hitzetan. ''Edukien eta gure ideiekin bat egiteko duten gaitasunaren menpe egongo dira'' balizko akordio horiek, PSE-EEko bozeramaileak aurreratu duenez.
''Denekin hitz egiteko prest''
''Euskadi krisitik ateratzeko akordioak dira garrantzitsuena'', esan du Pastorrek. ''Estatus berria ez da gure lehentasuna, baina hitz egiteko prest gaude'', iragarri du. ''Indar politiko guztiekin hitz egiteko prest gaude'', gaineratu du.