EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Lehendakari berria

Gernikara joan ez direnak

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia edo Gasteiz eta Donostiako alkateak ez dira Gernikako ekitaldira joan.

Juan Jose Ibarretxe, bere liburuaren aurkezpenean. EITB.
Juan Jose Ibarretxe, bere liburuaren aurkezpenean. EITB.

I.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka gonbidatu joan dira gaur eguerdian Gernikara karguaz jabetzeko Iñigo Urkulluren ekitaldira. Hala ere, argazkian ez dira EAEko agintari guztiak agertu, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia edo Laura Mintegi EH Bilduko ordezkaria ez baitira Gernikara joan.

Ibarretxe Euskaditik kanpo dago, baina Urkulluri babesa eman dio Deiak argitaratutako artikulu batean. Euskadiko autogobernua “gaurkotzearen alde” agertu da Ibarretxe, “Euskadik bere ibilbidea eraiki dezan”.

“Ze autogobernu motak ez dizu zure funtzionarioei soldata ordaintzen uzten?”, galdetu du aipatu artikuluan.

Bestalde, Laura Mintegi EH Bilduko ordezkaria Baionara joan da eta ez Gernikara bere lehentasuna “bakea” dela adierazteko.

Mintegi Bakebideak, Fakultateak eta Lokarrik Baionan antolatu duen batzarrera joan da. Frantzia Euskal Herriko bake prozesuan mugiaraztea izango da batzarraren helburuetako bat.

Mintegirekin batera, koalizio abertzalearen bi ordezkari garrantzitsu ere ez dira bertan izan, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Bakebidearen ekitaldian izan baitira horiek ere.

Javier Maroto (PP) Gasteizko alkatea ere ez da Gernikan izan, agenda arazoak medio. Marotok Green Capitalen itxiera ekitaldian parte hartu behar du.

Azkenik, 2009an ez bezala, Estatuko Segurtasun Indarretako ordezkariak ere ez dituzte gonbidatu. Koldo Mediavilla EAJren EBBko instituzioetako arduradunak atzo azaldu zuenez, “trikornioak eta uniformeak soberan daude Gernikako Juntetxean”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea